Mundua -

Afganistan

Estatu Batuak Afganistandik erretiratu dira, ebakuazioak eta 20 urteko gerra amaitutzat emanda

AEBetako Armadaren azken hegazkinak gauean aireratu dira Kabulgo aireportutik eta, beraz, ebakuazioak bukatutzat eman dituzte.

Afganistango aireportutik irten den azken soldadu estatubatuarra. Argazkia: EFE
Afganistango aireportutik irten den azken soldadu estatubatuarra.
Afganistango aireportutik irten den azken soldadu estatubatuarra. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek amaitutzat eman dituzte ebakuazioak eta Afganistandik erretiratu dira 20 urteko gerraren ostean.

Kenneth McKenzie jeneralak Pentagonoan egindako agerraldi batean jakinarazi duenez, AEBko Armadaren azken hegazkinak gauean atera dira Kabulgo aireportutik. Azken hegaldian, besteak beste, Ross Wilson AEBko jarduneko enbaxadorea joan da.

"Afganistandik erretiratzeko prozesua gauzatu dugula eta estatubatuarrak, atzerritarrak eta afganiar zaurgarrienak ebakuatzeko misioa amaitutzat eman dugula iragartzeko nago hemen", adierazi du.

Bide militarra amaitu bada ere, McKenziek ziurtatu du diplomaziaren bidetik jarraituko dutela herrialde horretan geratu diren estatubatuarren eta handik ihes egin nahi duten afganiarren ebakuazioa bermatzeko.

"Gaurko erretiratzearekin duela 20 urte, 2001eko irailaren 11ren ondotik, abiatuko genuen misioa bukatzen da. Misio honetan Osama Bin Ladenenekin amaitu zen, baita Al Kaidako hainbat kiderekin ere", azpimarratu du.

Alabaina, aitortu du gerrak honek kostu handia izan duela Estatu Batuentzat. "Ez da misio merkea izan. 2.461 soldadu estatubatuar eta zibil hil dira eta 20.000 zauritu baino gehiago izan dira", deitoratu du.

123.000 lagun baino gehiago ebakuatu dituzte

Horrez gain, talibanek Kabul kontrolpean hartu aurretik, joan den abuztuaren 14tik, AEBko tropek 79.000 zibil baino gehiago ebakuatu dituztela azaldu du, tartean 6.000 estatubatuar.

Guztira, nazioarteko tropen laguntzarekin, 123.000 pertsonak lortu dute Afganistandik ihes egitea.  

Tropak erretiratu arren, McKenziek ohartarazi du Al Kaidari edo Estatu Islamikoari eraso egitea baztertzen ez dutela.  

Gauzak horrela, AEBko Armada abuztuaren 31rako erretiratu da Afganistandik, Joe Bidenek agindu zuen moduan, ebakuazioak eta 20 urteko gerra amaitutzat emanda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Afganistan