Mundua -
Koronabirusa
Txertoa jaso dezaketen herritar guztiei hirugarren dosia hartzeko aukera zabaldu die Israelek
Uztailaren amaieran hasi ziren hirugarren dosia ematen 60 urtetik gorakoei eta pertsona immunodeprimituei; orain, adin-tartea pixkanaka zabaltzen joango dira, 12 urtetik gorako guztientzat eskuragarri egon arte.
EITB Media
Israelek igande honetan iragarri duenez, txertoa hartzeko aukera duten 12 urtetik gorako herritar guztiei emango die hirugarren dosia hartzeko aukera herrialde horretan.
Israel uztailaren amaieran hasi zen hirugarren dosia ematen 60 urtetik gorakoei eta pertsona immunodeprimituei, adin-tartea pixkanaka handitzen joateko, 12 urtetik gorako guztientzat eskuragarri egon arte.
Baldintza bakarra da bigarren dosia hartu zutenetik bost hilabete igaro izana; izan ere, iragan abenduan Pfizerrekin inokulazioak hasi zituztenetik, Israelen ia 5,5 milioi herritarrek jaso dute txertoa, baina 1,1 milioi israeldarrek uko egin diote txertoa hartzeari.
Hirugarren dosia hartzeko aukera zabaltzeko erabakia Israelen pandemiaren laugarren olatua jasaten ari direnean hartu dute; 7.000 kasu berri erregistratu dituzte igandean, eta horietatik 726 gaixo larriak dira, martxotik izandako kopururik altuena.
Positibotasun ratioa % 7ra iritsi zen lehen aldiz azken sei hilabeteetan, ekainean ia zerora murriztu ostean, hasierako immunizazio kanpaina azkar eta arrakastatsuaren ostean.
Txertaketa ikastetxeetan
Aurreikuspenen arabera, irailaren 1ean, asteazkenean, hasiko da Israelen ikasturtea, aurrez aurrekoa. Hala ere, iragarri dutenez, gaur egun 34.000 positibo inguru daude eskola-adineko haurren artean, eta 90.000 pertsona bakartuta daude kutsaturen batekin harremana izan dutelako.
Ikasturte honetan, baina, berrikuntza bat izango dute: 12 urtetik gorakoek ikastetxe berean jaso ahalko dute txertoa.