Mundua -
Afganistan
10.000 pertsona baino gehiago daude Kabulgo aireportuan, ebakuatzeko zain
Hainbat herrialdek onartu dute ezinezkoa izango zaiela ebakuazioa abuztuaren 31rako amaitzea. AEBko Gobernuak iragarri du bere soldaduen ebakuazioa lehenetsiko duela aurrerantzean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
10.000 pertsona baino gehiago daude Kabulgo aireportuan, nazioarteko tropek noiz ebakuatuko dituzten zain. Ebakuazioak abuztuaren 31n amaituko dira eta Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak iragarri du azken egunetan bere soldaduen erretiratzeari emango diola lehentasuna.
Hank Taylor AEBko Armadako logistika zuzendariordeak azaldu duenez, talibanek boterea eskuratu zutenetik 88.000 lagun atera dituztela Afganistandik. "39 minutuan behin hegazkin bat aireratzen da Kabulgo aireportuan", azpimarratu du.
Alabaina, tropak abuztuaren 31rako erretiratuko dira, eta, ondorioz, baita ebakuazioak amaitu ere. Hainbat herrialdek onartu dute ezingo dituztela espero beste lagun ebakuatu ordurako.
Bestalde, John Kirby Pentagonoko bozeramaileak adierazi du "herritar zaurgarrienak" Afganistandik ateratzeko lanean segitzen dutela, baina aldi berean iradoki du estatubatuar tropen ekipamenduak erretiratzen hasteko lekuak gorde beharko dituztela hegazkinetan.
"Amaierara hurbiltzen ari gara, eta gure ekipoak eta sistemak gurekin eraman beharko ditugu, lehentasuna bizitzak salbatzea izango bada ere", erantsi du.
Talibanek aireporturako bideak itxi dituzte eta ihes egin nahi duten afganiarrentzat oso zaila da bertara iristea.