Mundua -
Afganistan
Afganistango hustea "historiako zailenetarikoa" izaten ari dela esan du Bidenek
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak indar estatubatuarrekin kolaboratu duten afganiar guztiak Afganistandik ateratzeko konpromisoa agertu du.
Agentziak | EITB Media
Joe Biden AEBko presidenteak adierazi du Afganistango hustea historiako ebakuaziorik "handienetariko eta zailenetarikoa" izaten ari dela. Hala ere, berretsi du Ameriketako Estatu Batuekin kolaboratu duten afganiar guztiak bertatik aterako dituztela.
Etxe Zurian egindako agerraldian, AEBko agintari gorena Afganistango azken orduaz aritu da. Abuztuaren 14tik 13.000 pertsona inguru atera dituzte bertatik, Bidenek berak konfirmatu duenez.
"Ezinezkoa da azken emaitza zein izango den jakitea, baita galerak egongo ote diren jakitea", esan du estatubatuar presidenteak. Hala ere, "beharrezko baliabide guztiez" baliatuko direla azpimarratu du. Azken egunotan kritika ugari jaso ditu Bidenek, AEBren kontingentzia plan falta tarteko.