Mundua -

Afganistan

Ebakuazioa amaitu arte, NATOk tropak izango ditu Kabulgo aireportuan

Afganistango egoera aztergai, Atzerri Gaietarako NATOko ministroek premiazko bilera egin dute ostiral honetan, bideokonferentzia bidez.

Hainbat afganiar, Kabulgo aireportuaren kanpoaldean. Argazkia: EFE.
Hainbat afganiar, Kabulgo aireportuaren kanpoaldean
Hainbat afganiar, Kabulgo aireportuaren kanpoaldean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NATOk "baliabide militarrak erabiliz" jarraituko du kooperatzen Kabulgo aireportuan, Erakundeko herrialdeetako herritarrak eta arriskuan dauden afganiarrak ebakuatu arte.

"Ebakuazio-ekintzak indarrean dauden bitartean, Hamid Karzai nazioarteko aireportuan aliatuen baliabide militarrak izango dira, orain arte bezala, eta hala eutsiko diogu gure kooperazioari", zehaztu dute, adierazpen batean, Atzerri Gaietarako NATOko ministroek; ostiral honetan, premiazko bilera egin dute, bideokonferentzia bidez.

Aurreikusita dagoenez, Ameriketako Estatu Batuetako tropak abuztuaren 31rako irtengo dira Afganistandik, baina Joe Biden presidenteak, duela bi egun, esan zuen egun horretan erabakiko dutela soldaduek zer egin beharko duten; hori bai, helburua da egun horretarako NATOko herritarrak eta haiekin lanean izan diren afganiarrak ebakuatuta izatea.

Ebakuazioa gauzatu ahal izateko, nahitaezkoa da AEBk Kabulgo aireportuko segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzen jarraitzea; izan ere, Afganistango hiriburuko gainerako guneak talibanen kontrolpean daude.

"Oraingo gure zeregina da gure herritarrak, NATOko gainerako herrialdeetako herritarrak eta arriskuan dauden afganiarrak modu ziurrean ebakuatzen jarraitzea; bereziki, gure ahaleginetan laguntza eman diguten herritarrak", nabarmendu dute NATOko ministroek.

"Fede onez" lan egitea, eta Gobernu inklusiboa ezartzea

Ministro aliatuek eskatu diete "Afganistanen agintea dutenei" irteera ziur eta ordenatu hori errespetatu eta errazteko, "baita Kabulgo Hamid Karzai nazioarteko aireportuaren bidez ere"; halaber, galdegin diete, "Afganistango alde guztiei", fede onez lan egiteko, Gobernu inklusibo eta ordezkagarria ezarriz: "Horretan, emakumeak eta gutxiengoak ere egon beharko lirateke".

Egungo baldintzetan, gogora ekarri dutenez, NATOk babesa kendu die herrialdeetako agintariei, eta ziurtatu dute "etorkizuneko edozein afganiar Gobernuk herrialdeak dituen nazioarteko beharrekin bat egin" beharko duela; afganiar herritar guztien giza eskubideak babestu beharko ditu, bereziki emakumeenak, umeenak eta gutxiengoenak, eta bermatu beharko dute Afganistan ez izatea, berriro, "terroristentzako leku ziurra".

"Ez dugu onartuko terrorista batek ere gu mehatxatzea. Terrorismoari ausardiaz eta elkartasunean egingo diogu aurre", esan dute. Gogorarazi dutenez, azken 20 urteotan saihestu egin dute "terroristek Afganistandik atentatuak bultzatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak NATO bideoak Albisteak Gaur Albisteak Afganistango Estatu Islamiarra