Mundua -
Akordioa
Independentistek eta berdeek Gobernu akordioa sinatu dute Eskozian
Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) eta Eskoziako Alderdi Berdeak programa politiko bateratu baten zirriborroa adostu dute. Eskoziaren independentziari buruzko beste erreferendum bat deitzea eta krisi klimatikoari aurre egitea izango dira haien lehentasunak.
Agentziak | EITB Media
Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) eta Eskoziako Alderdi Berdeak Gobernu akordioa sinatu dute ostiral honetan. Gauzak horrela, Nicola Sturgeon independentistak, eta tokiko ministro nagusiak, Eskozia gobernatu ahal izango du datozen bost urteetan.
Hain zuzen ere, maiatzean egindako hauteskundeetan, SNPk 64 ordezkari lortu zituen Holyroodeko Parlamentuan (gehiengo osoa lortzeko eserleku bakar batera) eta berdeek zortzi ordekari lortu zituzen. Testuinguru horretan, kontserbadoreek 31 diputatu lortu zituzten, eta laboristek 22.
Orain, aurretik aipatutako bi alderdiek programa politiko bateratu baten zirriborroa adostu dute, eta, horren arabera, Eskoziaren independentziari buruzko beste erreferendum bat deitzea eta krisi klimatikoaren aurkako neurrietan sakontzea izango dira haien lehentasunak, Eskoziako Gobernuak ohar batean azaldu duenez.
Abuztuaren 28an, Alderdi Berdearen militanteek ituna babestu beharko dute. Horren arabera, alderdi ekologistako bi ministro izendatuko dituzte, Erresuma Batuko Gobernuan lehen aldiz sartuko direnak.
"Aurrean ditugun erronkak oso gutxitan izan dira orain baino handiagoak: larrialdi klimatikoa, mundu osoan hedatutako pandemia eta Erresuma Batuak gure Parlamentuaren botereei egindako erasoa", azpimarratu du Sturgeonek.
Eskoziako ministro nagusiak azken hauteskundeak irabazi zituen, hauteskunde-kanpainan beste kontsulta independentista bat egin nahi zuela esan ondoren, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa galdeketa horren aurka egon arren.