Mundua -
Haiti
1.941 lagun hil dira Haitin larunbateko lurrikaragatik, azken balantzearen arabera
Zaurituak, berriz, 9.900 dira, gutxienez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Haitiko hego-mendebaldean larunbatean izandako 7,2 graduko lurrikarak gutxienez 1.941 hildako eta 9.900 zauritu utzi ditu, astearte honetan zabaldutako azken balantze ofizialaren arabera. Babes Zibila ari da erreskate-lanak koordinatzen, eta, horren datuen arabera, asteleheneko datuei erreparatuta, hildakoen kopuruak gora egin du, 522 gehiago zenbatu baitituzte.
Azken 48 orduetan, 34 lagun erreskatatu dituzte bizirik. Lurrikarak 136.800 familiari eragin die, 60.759 etxebizitza suntsitu eta 76.121ean kalte estrukturalak egin ditu, baita 25 osasun-zentrotan ere.
Agintarien esanetan, 684.400 herritarrek behar dute premiazko laguntza humanitarioa, hau da, lurrikarak gogorren astindu dituen hiru departamenduetako herritarren % 40k. Herrialdeko hego-mendebaldeko penintsulan zenbatu dituzte kalte larrienak.
Petit Trou udalerritik gertu izan zen lurrikara. Azken 25 urteotan, Latinoamerikan izandako lurrikara larrienen zerrendan bigarrena da; larriena 2010ean izan zen, Haitin bertan, eta 300.000 hildako utzi zituen.