Mundua -

Afganistan

EBk iragarri du talibanekin elkarrizketa hasiko duela "gerra irabazi dutelako"

Afganistango egoera aztergai, Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek bilera telematikoa egin dute astearte honetan, talibanek berriro ere herrialdea hartuta.

Josep Borrell, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Josep Borrell, artxiboko irudian
Josep Borrell, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak "elkarrizketa" abiatu beharko du talibanekin, Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Gai eta Segurtasun Politiketarako goi ordezkariaren iritziz. Elkarrizketa horren helburua litzateke Afganistanen krisi humanitariorik eta migrazio-hondamendirik ez sortzea, talibanek agintea berreskuratu ostean; izan ere, talibanek "gerra irabazi dute", Borrellen hitzetan.

"Kabulgo agintariekin harremanetan izan beharko dugu. Talibanek gerra irabazi dute, eta, beraz, haiekin hitz egin beharko dugu, ahallik eta lasterren elkarrizketari ekiteko, krisi humanitarioa eta migrazio-hondamendia saihesteko", esan du astearte honetan, prentsaurrekoan, Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek bilera telematikoa amaituta.

Hala, "egoera politiko berriak sor ez dezan Europarako migrazio-mugimendu handia" EBko herrialdeek koordinatuta lan egin beharko dute, eta Afganistan inguruko herrialdeei eta "pasadizoko herrialdeei" lagundu beharko diete. Borrellen arabera, matxinoekin egin beharreko elkarrizketa horren beste helburu bat izango litzateke saihestea "atzerriko terroristak Afganistanera bueltatzea".

Galderei erantzuteko txandan, Borrellek argi utzi du talibanekin elkarrizketan aritzea ez dela horiek ofizialki aitortzea; nolanahi ere, berretsi duenez, EBk bere langileak eta EBren alde lan egin zuten 400 afganiarrak eta horien senideak Afganistandik atera nahi izanez gero, ezinbestekoa da talibanekin hitz egitea, "arrazoi logistikoengatik".

"Haiekin harremanetan izan behar dugu, eta erne ibili behar dugu, aurreko gobernuek euren gain hartutako nazioarteko beharrak betetzen dituztela ziurtatzeko; batez ere, NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak". Borrellen arabera, aurreikuspena da EBk Kabulen duen Ordezkaritzara errefortzuak bidaltzea, EBko langileak eta EBrentzat lanean aritu diren afganiarrak bertatik ateratzeko.

Emakumezko kazetari afganiar batek eskaera egin dio Borrelli: erregimen talibana ez aitortzeko eskatu dio, afganiarrek ez dutelako nahi atzera bueltatu. Horren aurrean, Borrellek esan du ulertu egiten dituela kazetariaren "sentipenak eta kezka", eta berretsi du ez duela esan EBk talibanak aitortuko dituenik: "Haiekin hitz egin behar dugu, denerako; emakumeen eta neskatoen eskubideak babesten saiatzeko ere bai".

"Ez da EBren erabakia"

Bestalde, argi utzi nahi izan du tropak Afganistandik ateratzeko erabakia, egungo egoera sortu duena, ez duela EBk hartu, Trump presidenteak baizik: "Akordioa itxi zuen talibanekin, eta, gerora, Joe Bidenen Gobernuak bete egin du akordio hori".

Borrellen hitzetan, AEBk Afganistandik alde egiten badu, EBk ez du geratzerik, "ahalmen militarra mugatuta dugula kontuan izanik". Dena den, Europako diplomaziaren buruak onartu duenez, "hobeto kudea zitekeen".

Gaur egungo talibanak eta 2001ekoak desberdinak direla uste duen galdetuta, ironiaz erantzun du: "Gauza bera ematen dute, baina oraingoak ingelesez hobeto mintzatzen dira".

Argitu duenez, oraingoz, ez dago aurreikusita Afganistan garatzeko dirulaguntza gehiago ematea; ordainketa horiek egiteko Europar Batasunak jarritako baldintza da demokrazia eta giza eskubideak errespetatzea. "Lehenik, ikusi behar dugu nolako gobernua osatzen duten", esan du. Hala ere, gogora ekarri du estatu kideek garapenerako laguntza ofizialari eutsi ahal diotela, batzuek Etiopiaren kasuan egin dutenez; izan ere, EBk bertan behera utzi zuen laguntza hori, Tigrayko gatazkagatik.

Puntu horretan, Borrellek nabarmendu du EBk Afganistani ematen dion laguntza humanitarioa ez dela geldituko; are gehiago, handiagoa izan liteke, herrialdeko baldintzek hala eskatuz gero. Horren arabera, EBk afganiarrei laguntzen jarraituko du, eta bere eragin osoa erabiliko du "afganiarrak defendatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Europar Batasuna Jihadismoa Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Asia Afganistan