Mundua -

Afganistan

Talibanek eta Afganistango Gobernuaren ordezkariek bilera "emankorra" egin dute

Bien bitartean, AEBk eta talibanek ere hitz egiten jarraitzen dute. Agintari estatubatuarren arabera,"segurtasun itxurari eusteko Kabulen lasaitasuna mantentzea" dute helburu.

Hainbat soldadu taliban Kabulen sartu ostean. Argazkia: EFE
Hainbat soldadu taliban Kabulen sartu ostean.
Hainbat soldadu taliban Kabulen sartu ostean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere eskualdatzea helburu, talibanek eta ihes egindako Afganistango Gobernuaren ordezkariek bilera egin dute astelehen honetan, eta "emankorra" izan dela azpimarratu dute bi aldeek. Afganistango Exekutiboaren izenean, Hamid Karzai herrialdeko presidente izandakoa, Abdula Abdula talde negoziatzailearen burua eta Gulbuddin Hekmatyar Hezb-e-Islami alderdiko buruzagi eta "gerraren jauna" izan dira batzarrean.

Abdulak eta Hekmatyarrek batera grabatutako eta sare sozialetan partekatutako bideo batean azaldu dutenez, "Kabulen lasaitasuna eta egunerokoa itzultzeko" eginahalak egiten ari dira. "Jainkoak nahi badu, fruitua emango dute ahalegin horiek", erantsi dute. 

Afganistango agintariek Koordinazio Batzordea sortu dutela iragarri zuten igandean. Batzorde horrek "botere eskualdatze baketsua" ahalbideratzea du xede, talibanek Kabul hartu ostean.

"Matxinoen buruzagiekin harremanetan gaude. Elkarrizketa emankorrak izan ditugu gai garrantzitsuen inguruan, lankidetza onarekin jarraitzen dugu", adierazi dute bideoan.

Hartu-emanak AEBren eta talibanen artean ere

Halaber, Zalmay Khalilzad AEBk Afganistanerako duen bidali berezia Dohan (Qatar) dago egunotan talibanekin eta Afganistango Gobernuko ordezkariekin hitz egiten, Ned Price AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak zehaztu duenez.

Priceren arabera, helburu bikoitza dute elkarrizketek: batetik, "segurtasun itxurari eusteko Kabulen lasaitasuna mantentzea" da horien helburua, eta, bestetik, AEBko herritarren edo operazioen kontrako ezein erasok edo mehatxuk erantzun "azkar eta irmoa" izango duela jakinaraztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Asia azken ordukoa Afganistango Estatu Islamiarra