Mundua -

Afganistan

Talibanek Ghazni eskuratu dute, eta hamar hiriburu dituzte kontrolpean

Matxinoek Afganistango probintziarik garrantzitsuenetariko bat bereganatu dute, eta, egun, 9 probintziatan jarraitzen dute erasoak egiten.

Afganistan eta Pakistan arteko mugu zabaltzea espero dute herritarrek. Argazkia: EFE
Afganistan eta Pakistan arteko mugu zabaltzea espero dute herritarrek. Argazkia: EFE
Afganistan eta Pakistan arteko mugu zabaltzea espero dute herritarrek. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talibanek kontrolpean hartu dute Ghazni hiria, azken astean eskuratutako hamargarren probintzia-hiriburua. Matxinoek Afganistango hiririk garrantzitsuenetariko bat eskuratu dute, eta, egun, 9 probintziatan jarraitzen dute erasoak egiten.

Amanullah Kamrani Ghazniko Lurralde Kontseiluko buruordeak azaldu duenez, matxinoak hiriko hainbat puntutatik sartu dira Ghaznin indarrez, eta mendean hartu dituzte Gobernuko eraikin eta egoitza ofizial gehienak: "Talibanek hiria kontrolpean hartu dute gaur goizean, eta segurtasun indarrek Ghazniko toki gehienetatik alde egin dute".

Horrekin batera, Nasir Ahmad Faqiri Ghazniko Lurralde Kontseiluko buruak baieztatu du goi-kargudun askok hiritik alde egin dutela: "Dawood Laghmanik, Ghazniko gobernadoreak, eta poliziaburuak hiritik alde egin dute, eta Kabulera bidean dira".

Bestalde, Qari Yusuf Ahmadi matxinoen bozeramaileak operazioaren eta kalteen berri eman du Twitter bidez: "Ehunka soldadu hil dira, eta beste askok amore eman dute".

Ghazni probintzia estrategikoa da, oso garrantzitsua herrialdean; izan ere, Kabul hiriburua Afganistango hego eta hego-ekialdearekin lotzen ditu. Horrenbestez, herrialdeko hiri nagusien artean dago.

Egun, talibanek 9 probintziatan jarraitzen dute erasoak egiten, eta, Afganistango Defentsa Ministerioak egindako balantzearen arabera, azken 24 orduetan 217 taliban hil eta 108 zauritu dira.

Kunduzko aireportua

Talibanek Kunduzko aireportua ere hartu dute kontrolpean, Kabul hiriburutik 300 kilometrora dagoena, Afganistango 217 Armada-Gorputzarekin batera, Tolo TV tokiko telebistak zabaldu duenaren arabera. Hedabide horrek eman du Ghazni hirian izandako borroken berri.

Matxinoek kontrolpean duten armada-gorputza 20 urteko gerra honetan talibanek bereganatu duten lehenengoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Asia albisteak Afganistan