Mundua -
AFGANISTAN
Talibanek beste hiriburu baten kontrola bereganatu dute, Faizabad
Matxinoek Badakhxan probintziako hiriburua kontrolpean hartu dute. Afganistango segurtasun-indarrek Faizabadetik atera dituzte herritarrak Farkhar hirian babesteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talibanek kontrolpean hartu dute Faizabad hiria, Badakhxan probintziako hiriburua, eta azken astean eskuratutako bederatzigarren hiriburua dute hura.
Gauerdian, Hujatullah Khiratmandek, Parlamentuko Behe Ganberako eskualdearen diputatuak, baieztatu du matxinoek mendean hartu dutela hiria: "Talibanek kontrolpean hartu dute Faizabad, Badakhxan probintziako hiriburua".
Khiratmandek azaldu duenez, segurtasun-indarrek bizilagunak "hiritik ateratzea" eta Farkhar hirira mugiaraztea erabaki zuten talibanak iritsi zirenean. Horrela, soldaduek eta Faizabadeko hiritarrek Taloqanetik ere heldutako biztanleekin egin dute topo bertan.
"Etsaiak alde egin du eta mujahidinak haren atzetik joan dira", adierazi zuen Zabihullah Mujahidek, matxinoen bozeramaileak. Mujahidek berak gaineratu du ez dela inor zauritu.
Horrenbestez, talibanek bederatzi probintzia-hiriburu dituzte kontrolpean: Nimroz, Jawzjan, Sar-e-Pol, Kunduz, Takhar, Samaga, Farah, Baghlan eta Badakhxan probintzietako hiriburuak.
Kabul
Afganistango hiriburua errefuxiatuen kanpamentuaren antza hartzen ari da; izan ere, Kabulera iristen ari dira borroketatik ihesi doazen afganistandarrak.
"17.000 familia desplazatu erregistratu ditugu, baina gehiago diren beldur gara. 30.000 familia inguru izan litezke", adierazi du Ghulam Bahauddin Jailanik, Hondamendien Kudeaketarako ministroak.
Hala ere, datu horrek gora egin dezake hurrengo egunetan, herrialdeko iparraldetik familia asko Kabulera desplazatzen ari direlako.
420.000 desplazatu
Afganistango Gobernuaren arabera, gerrak 420.000 pertsona baino gehiago desplazatu ditu azken bi hilabeteetan. Bitartean, Gobernuak berak talibanei presioa eragitea eskatu dio nazioarteari, su-etena lortzeko.