Mundua -
Afganistan
Talibanek Pul-e-Khumri hiria bereganatu dute, azken bost egunetan eskuratutako zortzigarren hiriburua
Matxinoek mendean hartu dute Baghlan iparraldeko probintziako hiriburua, ostiralean hasi zen aurrera egite indartsuaren ostean. Afganistango hedabideek diotenez, borrokak Mazar-e Sharif hirian jarraitzen du eta Balj hiriaren egoerak ere okerrera egin du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talibanek kontrolpean hartu dute Pul-e-Khumri hiria, Baghlan iparraldeko probintziako hiriburua, eta azken bost egunetan eskuratutako zortzigarren hiriburua dute hura. Matxinoen taldeak eskualdeko gaur bereganatutako bigarren hiriburua da, eta zortzigarrena astebetean.
"Segurtasun indarrek, hainbat egunez eutsi ondoren, arratsaldeko lehen orduan hiritik alde egin dute, eta, ondorioz, talibanek hirian sartu eta gobernuaren eraikinak hartu dituzte", adierazi du Baghlaneko segurtasun funtzionario batek, anonimotasuna eskatu ostean.
Abdul Razaq Hashemik, Baghlan probintziako diputatu bat, ere hiria talibanen eskuetan erori dela baieztatu du, eta Afganistango indarrek hiriburua ebakuatu dutela esan du, hainbat egunez eutsi ostean.
Hashemik talibanen setioaren errua aireko laguntza faltagatik eta Afganistango Gobernuaren errefortzu urriengatik dela esan du.
Bestalde, Zabihula Muyahid talibanen taldeko bozeramaileak Fara eskualdeko gobernadorearen bulegoa kontrolpean hartu dutela baieztatu du, Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
Afganistango hedabideek diotenez, talibanek hiri gehiena kontrolatzen dute. Halaber, Mazar-e Sharif hiria erasotzen ari dira ere, Afganistango laugarren hiri handiena, Tayikistanetik gertu. Hedabide lokalek, bere aldetik, Balj probintziako hiriburuaren egoerak ere okerrera egin duela informatu dute.
Muyahiden talde matxinoak indartu egin du bere erasoaldia tropa internazionalak Afganistanetik erretiraratu zirenetik. Hala ere, oraingo egoera ikusita, Estatu Batuek eta NATOk ere ez dute aldaketarik egingo haien egitasmoan.
Errusiar laguntza
Talibanen aurrera egitearekin, Errusiak Tayikistango base militarra armamentu berriekin indartzea erabaki du, errusiar armadak zabaldutako informazioen arabera.
Dusamben, herrialdeko hiriburuan, dagoen base militarrak Verba infragorriak dituen defentsa antiaereorako suziri-jaurtitzaileak, Kalashnikov AK-12 fusilak, frankotiratzaileentzako errifleak eta helmen handiko su-jaurtigailuak jaso ditu.
Europarako migrazioa
Europako Batzordeak ez du uste Afganistango egoerak 2015ean gertatutako migrazio krisiaren antzeko bat sortuko duenik, eta ez du beldurrik. Izan ere, nahiz eta egoera zaila dela jakin, ez du egoera "bortitz" moduan ikusten.
Hala, Afganistango herrialdetik Europarako migrazioaren datuak "nahiko onak" direla dio, 2015ekoekin konparatuta. Bruselasek uste du kopuru hauek baxu mantentzen direla orain dela lau urte Kabuleko Gobernuarekin heldu ziren lankidetza akordioari esker.