Mundua -
Koronabirusa
Italiak osasun-ziurtagiria eskatuko die irakasle eta unibertsitarioei irailetik aurrera
Gainera, abuztuaren 6tik aurrera, txertoaren dosi bat gutxienez jaso dutela erakusten duen ziurtagiria derrigorrezkoa izango da taberna eta jatetxeen barnealdean kontsumitzeko edo zinema, gimnasio edo ekitaldi handietan sartzeko.
Agentziak | EITB Media
Italian, Hezkuntzaren maila guztietako irakasleek eta unibertsitateko ikasleek covid-19aren osasun ziurtagiria izan beharko dute datorren irailetik aurrera, Gobernuak ostegun honetako Ministroen Kontseiluan aho batez onartu duenez.
"Gobernuaren hautua ziurtagiriaren alde egitea da, itxialdiak saihesteko eta askatasuna babesteko", azaldu du Roberto Speranza Osasun ministroak, lege dekretua onartu ostean.
Ziurtagiria aurkezten ez duten Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleek soldata jasotzeari utziko diote bosgarren egunetik aurrera, Patrizio Bianchi Hezkuntza ministroak prentsaurrekoan iragarri duenez.
Unibertsitateen kasuan, zigorra errektoreen esku egongo da, hezkuntza zentro horiek autonomia estatutua dutelako.
Garraioen kasuan, ziurtagiria nahitaezkoa izango da garraio publiko batzuetan, baina ez guztietan. Hipotesi horrek hautsak harrotu zituen italiarren artean.
70 milioi dosi baino gehiagorekin, Italian 33,6 milioi pertsonak txertoaren pauta osoa jaso dute, hau da, 12 urtetik gorako biztanleen % 62,23k, Gobernuak emandako datuen arabera.