Mundua -
Magnizidioa
Moiseren hilketagatik atxilotutako zazpi kolonbiar AEBn entrenatu zituzten
Estatu eta Defentsa Departamentuek gordetako datuak aztertu nahi dituzte, Haitiko presidentearen hilketarekin lotuta egon daitezkeen susmagarri gehiagok AEBko armadan izan ziren jakiteko.
Agentziak | EITB Media
Jovenel Moise Haitiko presidentearen hilketaren harira atxilotutako zazpi kolonbiarrek gutxienez entrenamendu polizial edo militarra jaso zuten Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Kolonbiako Armadako soldadu gisa, AEBko iturri ofizialen arabera.
"AEBn eta Kolonbian aritu ziren entrenatzen 2001etik 2015era. Besteak beste, taktiketan, garapen militar profesionalean, larrialdietako medikuen ezagutzan, helikopteroen mantentze-lanetan eta droga trafikoaren eta terrorismoaren aurkako borrokari buruzko mintegietan parte hartu zuten", izena sekretupean gordetzeko eskatu duen arduradun ofizial batek Voice of America AEBko hedabideari azaldu dionez.
Une honetan, Estatu eta Defentsa Departamentuek gordetako datuak aztertu nahi dituzte, Haitiko presidentearen hilketarekin lotuta egon daitezkeen susmagarri gehiagok AEBko armadan izan ziren jakiteko.
Testuinguru horretan, Leon Charles Haitiko Polizia buruak jakitera eman duenez, 18 kolonbiar atxilotu dituzte jada Moiseren hilketarekin lotuta, eta Haitiko Poliziako beste bost ofizial ikerketapean daude, magnizidio horretan ere parte hartu zutelakoan.
Bestalde, Luis Vargas Kolonbiako Poliziako zuzendariak adierazi duenez, Haitiko presidentearen hlketaren ustezko "egile intelektuala" Justizia Ministerioko funtzionario ohi bat izan daiteke, hain zuzen ere, Joseph Felix Bado. Antza denez, magnizidioa baino hiru egun lehenago, Moise hiltzeko agindua eman zuen berak.
Horrez gain, German Rivera eta Duberney Capador Kolonbiako militar ohiek Moise hiltzeko planaren berri bazutela adierazi du Vargasek.