Mundua -

Kuba

Milaka pertsonak blokeoaren amaiera eskatu eta Iraultza babestu dute Habanan

Kubako Gobernuaren aurkako protestak izan eta astebete geroago deitu dute ekitaldia. Erbesteratu kubatarrek Bideni esku-hartze militarra ez baztertzeko eskatu diote Miamin. NBEko Batzar Nagusia blokeoaren aurka agertu zen duela aste batzuk.

Iraultzaren aldeko ekitaldia Habanan (Kuba). Argazkia: EFE
Iraultzaren aldeko ekitaldia Habanan (Kuba). Argazkia: EFE
Iraultzaren aldeko ekitaldia Habanan (Kuba). Argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonak elkarretaratzea egin dute Habanan Iraultza babesteko, Kubako Gobernuak deituta. Raul Castro buruzagi ohiak eta Miguel Diaz-Canel presidenteak hartu dute parte. Kubako Gobernuaren aurkako protestak izan eta astebete geroago deitu dute ekitaldia.

Gobernuaren aldeko ekitaldia goizaldean deitu dute. La Piragua izeneko zonaldean bildu dira, Vedado auzoan, AEBetako enbaxadaren egoitzatik oso gertu.

Uztailak 26 Mugimenduko eta Kubako banderak, Fidel Castroren eta haren anaia Raulen argazkiak erakutsi dituzte manifestariek. Buruzagiak txaloka adoretu eta Iraultzaren aldeko leloak errepikatu dituzte.

Kuba koronabirus pandemiaren unerik okerrenean murgilduta dago. Habanan 763 positibo berri baieztatu zituzten ostiralean, osasun krisia hasi zenetik kopururik handienetarikoa.

Blokeoaren aurkako kartela, Habanako ekitaldian. Argazkia: EFE

Gobernuaren aurkako protestak

Iragan igandean azken sei hamarkadetan Kuban izandako protestarik handienak gertatu ziren. Kuba osasun eta ekonomia krisi larrian murgilduta dago, pandemia kontroletik kanpo eta elikagai, sendagai eta funtsezko produktuen eskasiarekin. Gainera, argindarrik gabe tarte luzeak ematen dituzte herritarrek.

Habanako Prado pasealekuan manifestariek martxa baketsua egin zuten iragan asteburuan, Poliziak eta kontra-manifestariek aurre egin zieten arte. Zaurituak eta atxilotuak izan ziren.

Protestak bultzatzea eta finantzatzea egotzi dio Kubako Exekutiboak Ameriketako Estatu Batuei. Habanako Gobernuak ez du orain arte atxilotu kopuruaren berririk eman, baina giza eskubideen aldeko erakundeek eta ekintzaileek ehunka edo milaka direla esan dute.

Erbesteratuen elkarteek eta Miamiko hautetsiek Joe Biden AEBetako presidenteari uharteko Gobernua boteretik kentzeko esku-hartze militarra ez baztertzea eskatu diote. Konkretuki, "mahai gainean aukera" guztiak izateko exijitu diote.

Erbesteratu kubatarren ekitaldia, Miamin (AEB). Argazkia: EFE

AEBen blokeoa

Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroak AEBen blokeoa bukatzea eskatu du NBEren egoitzatik. "Kubako agintariek ezin dituzte egun xiringak edo sendagaiak lortu", blokeoaren eraginez, deitoratu duenez.

Kubari "eta beste herrialde batzuei aplikatzen zaizkien muturreko zigorrak sufrimendu handia eragiten ari dira biztanlerian eta guztiek errespetatu beharko genituzkeen bizi baldintzetan", argudiatu du, La Jornada Mexikoko egunkariak jakitera eman duenez.

Ebrardek gogorarazi duenez, duela aste batzuk NBEko Batzar Nagusia AEBen blokeo ekonomikoaren aurka azaldu zen. Aldebakarreko neurri hertsatzaileekin bukatzea aldarrikatu zuen erakundeak.

Kubari ezarritako blokeoa gaitzesteko ebazpenak aldeko 184 boto eskuratu zituen, kontrako bi (AEB eta Israel) eta hiru abstentzio (Kolonbia, Brasil eta Ukraina).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Kuba Latinoamerika Joe Biden