Mundua -

Uholdeak

Belgikak laguntza eskatu dio EBri, eta Herbehereek ebakuatzeko agindua eman dute ekaitzen aurrean

Euri-jasek eta uholdeek 23 hildako eta lau desagertu utzi dituzte herrialde horretan. Herbeheretan, ostera, gaur gauerako espero da ibaietako ur mailak punturik altuena harrapatzea.

Belgikako uholdeak. Argazkia: EFE.
Belgikako uholdeak. Argazkia: EFE.
Gutxienez 14 pertsona hil dira Belgikan, azken orduetako euriteen ondorioz

1:17

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetako euri-jasek eta uholdeek gogor jo dituzte Europako hainbat herrialde. Denboraleak, orain arte, 125 hildako eta 1.300 pertsona desagertu baino gehiago utzi ditu guztira.

Alemania izan da uholdeek gehien kaltetu duten herrialdeetako bat: 100 pertsona baino gehiago hil dira bertan, eta 1.300 pertsona baino gehiago desagertuta daude oraindik. Elektrizitate, telefono eta ur horniduretan, zein errepide eta tren zerbitzuetan etenaldiak egon dira, eta 114.000 pertsonak argindarrik gabe jarraitzen dutela uste da.

Hala ere, Alemaniaren inguruko beste herrialde batzuetan ere nabaritu dira euri-jasak, Belgikan edota Herbehereetan esaterako.

Belgikan orain arte 23 pertsona hil dira, eta beste lau lagunen bila jarraitzen dute. Valonian, herrialdearen hegoaldean, 41.000 etxe argindarrik gabe geratu dira, eta agintariek egoera laguntzeko larrialdi funtsa abian jarri dutela iragarri dute.

Astebeteko euriteen ostean, herrialdeko hainbat komunitatek Mosa ibaian dute arreta guztia. Herbehereekin muga egiten duen Maaseik hirian ibaiak dikeak gainditu ditu, eta hainbat langile horiek indartzeko lanean dabiltza.

Hala, herrialde horretako hainbat hiri urpean geratu dira, Pepinster barne (Leijatik gertu), non gutxienez 10 eraikin behera etorri diren.

EBri laguntza

Egoera larri horren aurrean, Belgikak laguntza eskatu die Europar Batasuneko bere kideei, babes zibileko mekanismoa abian jarriz.

Frantziak, Austriak eta Italiak ontziak, helikopteroak eta salbamendu taldeak bidali dituzte Belgikara. Stefan de Keersmaecker Belgikako Exekutibo komunitarioko bozeramaileak adierazi duenez, "beste estatu kide batzuen eskaintzak aztertzen ari gara".

Herrialdearen egoerak larria izaten jarraitzen badu ere, agintariek jakinarazi dute ibaien ur maila egonkortzen ari dela, eta laster beheranzko joera hartuko dutela.

Ebakuatzeko agindua Herbeheretan

Herbehereetako agintariek Meersseneko (herrialdearen hegoaldea) lau auzotako bizilagunei eskatu diete euren etxeak lehenbailehen uzteko, ibaiaren mailari eusten zion dike bat apurtu ostean.

Dirudienez, urak metro karratu bateko zuloa egin du kanaletako baten dikean, eta litekeena da datozen orduetan ibaiaren maila handitzea eta hainbat auzo ur azpian geratzea, eskualdeko segurtasun agintarien arabera.

Iparraldean, Armadako hainbat unitate kaltetutako eremuetara hurbildu dira eta dikeak indartzen dihardute; hegoaldean, ostera, hainbat soldadu Geul ibaiaren gainean behin behineko zubi bat eraikitzeko lanean dabiltza.

Gainera, 10.700 pertsona ebakuatuko dituzte Venlo hirian (Limburgo probintzia), Mosa ibaiak gainezka egiteko arriskua dagoelako.

Arroaren behealdean dauden zonaldeak hustuko dituzte, Arcen herria esaterako. Etxebizitza guztiak hustuko dituzte bertan.

Era berean, Venloko ospitalea ebakuatuko dute, larrialdietan dauden 200 pazienteak barne, nahiz eta horietako 40ren osasun egoera kezkagarria izan. Paziente guztiak eskualdeko beste ospitaleetan banatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Belgika argazkiak Herbehereak bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Uholdeak Ekaitzak gaur Hondamendi naturalen biktimak