Mundua -

Koronabirusa

Neurri berriak Iparraldean: covid pasaportea tabernetarako eta txertoa derrigorrezkoa osasun langileentzat

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri duenez, erabakien asmoa da txertaketa-kanpaina bultzatzea, Delta aldaera gero eta kutsatze gehiago sortzen ari baita.

Macron presidenteak eman du erabakiaren berri. Argazkia: EFE.
Macron presidenteak eman du erabakiaren berri
Taberna eta jatetxeetara sartzeko derrigorrezkoa izango da covid ziurtagiria Frantzian

1:54

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txertaketa-ziurtagiria edo herritarrek koronabirusa gainditua dutela erakusten duen ziurtagiria, hau da, jende-pilaketa handietan erabiltzen den osasun-pasaportea, Ipar Euskal Herriko jatetxeetan, antzokietan eta zinema-aretoetan baliatzen hasiko dira, datorren astetik aurrera. Hala iragarri du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak astelehen honetan, telebistan emandako agerraldian; gainera, zehaztu duenez, osasun-langileek eta pertsona zaurgarriekin lan egiten duten beharginek, adinekoen egoitzetako langileek, txertoa jasota izan beharko dute irailaren 15erako; hala ez balute egingo, zigortuko lituzkete.

"Zenbat eta txerto gehiago jarri, orduan eta leku txikiagoa izango du birusak hedatzeko", esan du Estatuburuak telebistan emandako hitzaldian. Adierazi duenez, neurri berrien xedea Delta aldaeraren eragina murriztea izango da; izan ere, aldaera hori gero eta kutsatze gehiago ari da sortzen: egun, Frantziako kutsatzeen % 50etik gora.

Hala, uztailaren 21etik aurrera, osasun-pasaportea 50 pertsonatik gora izango diren kultura-lekuetan eskatuko dute. Orain arte, beharrezkoa izan da diskoteketara sartzeko, baita 1.000 pertsonatik gorako gizarte- eta kirol-ekitaldietan ere.

Abuztuan, aldiz, immunitate-froga edo txertoaren pauta osoa jaso izatearen froga 12 urtetik gorakoei ere eskatuko zaie, kafetegietan, jatetxeetan, tabernetan, ibilbide luzeko autobusetan eta trenetan, eta hegazkinetan. Horren helburua da eszeptikoenek ere txertoa hartzea, kanpainari beste astindu bat emate aldera.

PCR probak eta antigeno-probak ordainpekoak, mediku batek ez baditu agindu

PCR probak eta antigeno-probak, udazkenetik, ordainpekoak izango dira, ez bada mediku batek agindu dituela. Orain arte, Gizarte Segurantzak ordaindu egin ditu.

"Txertaketa ez da nahitaezkoa izango herritar guztientzat, baina bultzatuko dugu, ahalik eta herritar gehienek jasotzeko", laburbildu du Macronek.

Macronek Frantziako susperraldi ekonomikoan sakondu nahi izan du; izan ere, horretarako ezinbestekotzat jotzen du herritar guztiak txertatzea. Igandean, Frantzian, 35,8 milioi lagunek zuten jasota gutxienez txertoaren dosi bat (herritarren % 53,4k), eta 27,4 milioik, hau da, % 41ek, pauta osoa zuten jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Osakidetza Frantzia albisteak Gaixotasunak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Zientzia albisteak Osasun albisteak Medikuen albisteak Frantziako presidentea azken ordukoa Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Erizainak azken ordukoa Medizinak albisteak Txertoak egutegia Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea albisteak Nafarroako Ospitale Gunea azken ordukoa Koronabirusaren Eris aldaera gaur Galdakao-Usansolo Ospitalea Osasun zentroak gaur Nafarroako Osasun Zerbitzua Ziurtagiri digitala Euskadin