Mundua -

Karibe

Gobernuaren aurkako protestak izan dira Kubako zenbait hiritan

"Maleconazo" izenekotik Exekutiboaren aurka uhartean izan den protestarik handiena izan daiteke. Orduan, 1994ko abuztuan, ehunka pertsona atera ziren Habanako kaleetara.

Kubako protestak babesteko elkarretaratzea Miamin (Florida, AEB). Argazkia: EFE
Kubako protestak babesteko elkarretaratzea Miamin (Florida, AEB). Argazkia: EFE
Milaka kubatar kalera irten dira Diaz-Canelen Gobernuaren aurka

2:14

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak Gobernuaren aurka protesta egin dute igande honetan, Kubako zenbait hiritan, besteak beste, San Antonio de los Baños (Artemisa) herrian. Manifestariek "diktadura kanpora!", "askatasuna" eta "aberria eta bizitza" oihukatu dute mobilizazioetan.

"Maleconazo" izenekotik Exekutiboaren aurka uhartean izan den protestarik handiena izan daiteke. Orduan, 1994ko abuztuan, ehunka pertsona atera ziren Habanako kaleetara. Fidel Castro Kubako buruzagi ohia iritsi zen arte, manifestariek ez zuten atzera egin.

Facebookeko erabiltzaileek zuzenean eman dute manifestazioaren berri. Karibeko herrialdeak ekonomia eta osasun krisi larria bizi du, elikagai, sendagai eta oinarrizko beste produktu batzuen gabezia kezkagarriarekin. Gainera, AEBek ezarritako blokeoak ez du batere laguntzen.

San Antonion, Polizia dispositibo zabala dago, eta poliziek manifestari baketsuen aurka indarkeriaz egin dutela azaldu diete bertako bizilagunek Efeko berriemaileei. Artemisa probintziako udalerria Habanatik 37 kilometro mendebaldera dago.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea San Antonio de los Bañosen. Argazkia: EFE

Dirudienez, Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea San Antonioko Elizaren parkean izan da. Bertan Gobernuaren jarraitzaile talde batekin bildu da.

Telebistan egindako agerraldia berezian, kalera ateratzeko eskatu die Diaz-Canelek bere jarraitzaileei: "Borrokatzeko agindua emanda dago, kalera iraultzaileak".

AEBetako Gobernua egoeraren erantzule egin du Kubako presidenteak: "Trump administrazioa", hain zuzen ere.

"Gure ekonomia itotzeko helburuarekin blokeoa areagotu dute, protesta sozial masibo bat eragiteko itxaropenez", esan du.

Ameriketako Estatu Batuek Kuba "politikoki ezegonkortzeko ekintzak" aurrera eraman dituela salatu du Diaz-Canelek, batez pandemian zehar ugaritu direlarik.

Habanako Malecon hiribidean manifestazioa egiteko deialdiak zabaldu dituzte sare sozialetan, baina oraingoz ez dute protestarik egin.

Gazte talde bat, horien artean, Yunior Aguilera dramaturgoa, Kubako Irrati eta Telebista Institutuaren (ICRT) aurrean bildu da arratsaldean, "Kuba sufritzen ari da!" lelopean. Segurtasun indarrek estu hartu dituzte.

Sare sozialetan beste toki batzuetako protesten irudiak zabaldu dituzte: Palma Sorianon (Santiago) ehunka pertsonak kaleak hartu dituzte. "Gezur gehiagorik ez" eta "ez dugu beldurrik" bezalako mezuak oihukatu dituzte manifestariek.

Era berean, Guira de Melena eta Alquizar herrietan (Artemisa probintzia) protestak izan dira.

Kubatar erbesteratuek nazioartearen esku-hartzea eskatu dute berehala

Protestak babestu eta manifestariak "sarraski baten" biktimak izatea saihesteko nazioartearen esku-hartzea eskatu dute erbestean dauden kubatar batzuek.

"Eguna heldu da, Kubako herria altxatu da", adierazi du Orlando Gutierrez Kubako Erresistentziaren Batzarreko kideak. Oposizioaren erakundeak biltzen ditu plataformak, uharte barruan zein kanpoan.

Erbesteko buruzagiak Miamin azpimarratu duenez, Kubako 15 hiri eta herri baino gehiagotan protestak daude.

Rocio Monasterio Vox ultraeskuineko alderdiaren Madrilgo diputatuak protestei babesa eman die Twitter sare sozialean:

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Kuba Latinoamerika