Mundua -

Magnizidioa

Gutxienez 2 estatubatuar eta 17 kolonbiar atxilotu dituzte Haitiko presidentearen hilketagatik

Ordezkaritza diplomatikoak berak baieztatu duenez, 11 susmagarri Taiwanek Port-au-Princen duen enbaxadan atxilotu dituzte.

Poliziak susmagarri talde bat zaintzen ari da Haitiko presidentearen hilketagatik. Argazkia: EFE.
Poliziak susmagarri talde bat zaintzen ari da Haitiko presidentearen hilketagatik.
Poliziak susmagarri talde bat zaintzen ari da Haitiko presidentearen hilketagatik. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haitik areagotu egin du Jovenel Moise presidentearen hiltzaileak bilatzeko eta atxilotzeko polizia operazioa, eta ustezko 28 erasotzaileetatik 19 atxilotu dituztela iragarri dute agintariek, gehienak kolonbiarrak.

Zehaztu dutenez, 17 kolonbiar eta jatorri haitiarreko bi estatubatuar Poliziaren zaintzapean daude, eta beste hiru ustezko erasotzaile hil dituzte segurtasun-indarrekin izandako tiroketan. Horixe da "mertzenarioen" nazionalitatea agerian uzten duen lehenengo balantze ofizialak dakarrena; atzo, aldiz, hildakoak lau zirela zabaldu zuten iturriek.

Asteazken goizaldean Moiseren egoitzan izandako erasoan parte hartu zuten beste zortzi kideak, kolonbiarrak horiek ere, ihes eginda daude, eta "aktiboki" bilatzen ari dira, Leon Charles Poliziaren zuzendari nagusiak zehaztu duenez.

Bestalde, Kolonbiako Gobernuak baieztatu duenez, Port-au-Princen atxilotuetako sei Kolonbiako armadako kide erretiratuak dira.

Taiwango enbaxadan

Poliziaren zaintzapean dauden 11 susmagarri  Taiwango enbaxadan atxilotu zituzten atzo. Poliziak 16:00ak aldera (bertako ordua) hasi zuen operazioa, eta ustezko erasotzaileak istilurik gabe atxilotu zituen.

Bien bitartean, Haitiko Poliziak "krimena argitzen" laguntzeko deia egin die herritarrei, eta edozein informazio partekatzeko eskatu die. Halaber, nazioarteko laguntza eskatu du ikerketarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Erailketak Haiti