Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
AEBko tropek Afganistango aire-base handienetik alde egin dute
AEBko tropak irailaren 11rako erretiratuko dira Afganistanetik. Talibanen erasoen gorakadarekin alde egin dute Bagrameko aire-basetik.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) tropek Bagrameko aire-basetik alde egin dute ostiral honetan, Afganistango aire-base handienean 20 urte inguru igaro ostean, Afganistango Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.
Hain zuzen ere, Kabul, Afganistango hiriburutik, 70 kilometro iparraldera dagoen basea AEBren operazio-gune nagusia izan da orain arte. Ildo horretatik, AEBk irailaren 11n amaituko du erretiratzeko prozesua, irailaren 11ko eraso terroristak burutu zirela 20 urte igaro ondoren.
Talibanen erasoen gorakadarekin alde egin dute AEBko tropek, joan den irailean, Qatar hiriburuan Afganistango Gobernuaren eta matxinatuen arteko bake-elkarrizketak hasi ziren arren.
Afganistango Defentsa Ministerioaren arabera, ustezko 130 matxino inguru hil eta beste 100 inguru zauritu dira azken 24 orduetan segurtasun-indarrek egindako polizia-operazioetan.
Bestalde, Abdula Abdula Afganistango Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Goreneko presidenteak "herrialdearen etorkizuna arriskuan" dagoela ohartarazi zuen asteazkenean, eta bake akordioa lortzeko elkarrizketa prozesua bultzatzea eskatu zien talibanei.
Talibanek eraso ugari egin dituzte azken hilabeteetan, eta horrek kezka eragin du nazioarteko herrialdeetan, Afganistango indarrak matxinatuei aurre egiteko gai ez izan eta horiek armak erabiliz boterea hartu dezaketelakoan.
Bestalde, Errusiako Gobernuak salatu duenez, Qatar hiriburuan, bake-elkarrizketetan izandako atzerapenak aprobetxatzen ari da Estatu Islamikoa, Afganistanen indarrak biltzeko.
Sergei Lavrov Errusiako Kanpo ministroak azpimarratu duenez, "garrantzitsua da Afganistani arreta jartzea, Estatu Islamikoak indarrak batzeko erabiltzen duelako bake-elkarrizketak atzeratzea".