Mundua -
MUTURREKO TENPERATURAK
100 pertsona inguru hil dira Kanada astintzen ari den bero boladaren eraginez
Inoizko tenperaturarik altuena neurtu dute astearte honetan Kanadan: 49,5 ºC.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kanadako agintariek jakitera eman dutenez, 100 pertsona baino gehiago hil dira ekainaren 25etik 28ra bitartean Ipar Amerikako herrialdea astintzen ari den bero boladaren ondorioz. Atzo, herrialdean inoiz neurtutako tenperaturarik altuena erregistratu zen Columbia Britainiarrean, Lytton udalerrian: 49,5 ºC.
Lisa Lapointe Columbia Britainiarreko forentsearen hitzetan, ostiraletik astelehenera bitartean batez beste 130 pertsona inguru hiltzekoak ziren, baina 233 zendu ziren guztira. Beroak eragin nabarmena izan du, beraz, ohiko heriotza kopuruan. "Iragan astearen amaieran bero bolada hasi zenetik, auzitegi medikuek heriotzen gorakada nabarmena antzeman dute, muturreko beroak lagunduta", gaineratu du.
Eguraldiaren muturreko baldintzak (tenperatura altuak eta hezetasun handia) aldatu ezean, heriotza kopuruak gora egiten jarraituko duela uste dute osasun agintariek.
Vancouver hiriko Poliziaren esanetan, bero boladaren hasieratik bat-bateko 65 heriotza zenbatu dituzte. "Vancouverren ez da inoiz horrelako berorik izan, eta, zoritxarrez, dozenaka pertsona hiltzen ari dira horregatik".