Mundua -

Asanblada orokorra

NBEk Kubaren blokeoa amaitzeko eskatu du, AEBren eta Israelen kontrako botoekin

Kolonbia, Ukraina eta Arabiar Emirerri Batuak abstenitu egin dira, eta irlako gobernuak ospatu egin du "garaipen handia".

AEBko eta Kubako banderak. Argazkia: Efe
AEBko eta Kubako banderak. Argazkia: Efe
AEBk Kubari ezarria dion blokeoa areagotu egin da pandemia garaian

1:36

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko Asanblada Orokorrak AEBk Kubari egiten dion blokeoa amaitzeko eskatu du ebazpen baten bitartez, baina estatubatuarrek eta Israelek kontra bozkatu dute.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak "garaipen handi"tzat jo du ebazpena onartu izana.

Pandemiagatik urtebeteko etenaldia egin ostean, Kubak berriro eraman du NBEren batzarrera enbargoaren aurkako salaketa, izan ere, 1992tik urtero onartzen ari dira nazioartearen babes zabalarekin.

Oraingoan aldeko 184 boto jaso ditu, kontrako bi (AEB eta Israel), eta Kolonbia, Ukraina eta Arabiar Emirerri Batuak abstenitu egin dira.

Ebazpenaren aurkezpenean, Bruno Rodriguez Kubako kantzilerrak pandemia presioa handitzeko erabili izana egotzi dio AEBri.

"AEBk birusa aliatu gisa hartu zuen ezohiko gerra ankerrean, blokeo ekonomikoa nahita gogortu zuen, eta 5.000 milioi dolar inguruko galera errekorra eragin zuen", azaldu du Rodriguezek Asanblada Orokorraren aurrean.

Guztira, iaz 9.157 milioi dolarreko galera eragin ziola salatu du Habanak, duela sei hamarkada blokeoa ezarri zenetik agintari kubatarrek salatu duten kopuru handiena.

Joe Bidenen Gobernuak, bien bitartean, ekintza horiek berrikusiko dituela hitzeman du, baina argi adierazita Kuba ez dela lehentasuna.

Gaurko batzarrean, AEBren ordezkariak atzerri politikarako "tresna zilegia" direla defendatu du, eta kubatarren "askatasunaren" alde agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak NBE Eguneko albisteak Albisteak Israel Kuba Kolonbia Joe Biden