Mundua -
ERREFUXIATUEN MUNDU EGUNA
82,4 milioi pertsona errefuxiatu eta desplazatu 2020an, inoiz baino gehiago
Azken bederatzi urteetan etengabe igo da beren etxetik ihes egin behar izan dutenen kopurua, iaz goia jo arte. Pandemiak ez du joera aldaketarik eragin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2020. urtean 82,4 milioi errefuxiatu eta desplazatu zeuden munduan, UNHCR Nazio Batuen agentziak ostiral honetan jakinarazitako datuen arabera. Azken bederatzi urteetan etengabe egin du gora kopuruak eta iaz ere horrela izan da, pandemia gorabehera. Are gehiago, inoiz baino errefuxiatu eta desplazatu gehiago daude.
UNHCR Errefuxiatuen aldeko Nazio Batuen Agentziaren esanetan, gaur egun duela hamar urte baino bi aldiz errefuxiatu eta desplazatu gehiago daude. Orduan, 40 milioi pertsona ziren.
Iaz eta, aurreko urtearekin alderatuta, % 4 igo zen errefuxiatuen eta desplazatuen kopurua. 2019. urtearen amaieran 79,5 milioi ziren.
Etxetik ihes egin behar izan dutenen artean gehienak siriarrak dira (6,8 milioi). Ondoren, ageri dira palestinarrak (5,7 milioi), venezuelarrak (4,9 milioi), afganistandarrak (2,8 milioi) eta hegosudandarrak (2,2 milioi).
Harrera herrialdeen artean Turkia da lehena, lau milioirekin. Kolonbiako Gobernuaren arabera, 8,3 milioi desplazatu zeuden iazko urtearen amaieran Kolonbian, gehienak venezuelarrak. Zerrendako ondorengoak hauek dira: Alemania, Pakistan, Uganda, Ameriketako Estatu Batuak, Peru, Sudan eta Libano.