Mundua -
Goi bilera Bruselan
NATOk ez du gerra hotzik hasiko Txinarekin
Jens Stoltenberg idazkari nagusiaren ustez, aliantzak "batuta" heldu behar die Asiako erraldoiak segurtasunarentzat dakartzan "erronkei".
Agentziak | EITB MEDIA
NATOk ez du gerra hotzik abiatuko Txinarekin, baina "batuta" helduko die Asiako erraldoiak, bere hazkunde militar eta botere hedapenarekin, aliantzaren segurtasunarentzat dakartzan "erronkei". Hala esan du gaur Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Bruselan abiatu duten goi bileran.
"Ez dugu gerra hotzik abiatuko. Txina ez da gure aurkaria, gure etsaia, baina Txinak gure segurtasunarentzat dakartzan desafioei aurre egin behar diegu aliantza gisa", adierazi du.
Txinarekiko harremana izango dute hizketagaietako bat NATOko aliantza osatzen duten 24 herrialdeek, baina baita Errusia, Afganistango atzera-egitea edota NATOren 2030erako agenda ere.
"Mezua da badaudela aukerak Txinarekin dugun harremana lantzeko", nabarmendu du Stoltenbergek, armen kontrola edo klima-aldaketa aipatuta. "Txinarekin hitz egin behar dugu", gaineratu du.
"Aliatuak kezkatuta gaude Hego Txinako itsasoan Pekinek izan duen jarrerarekin, Hong Kongeko manifestazio baketsuak zigortzeko edo gutxiengoak jazartzeko moduarekin, teknologia berriak erabiltzeko moldeekin edota bere herritarrak kontrolatzeko eta zaintzeko erabiltzen ari den aurpegiak hautemateko sistemarekin", ohartarazi du politikari norvegiarrak.
Horren hitzetan, "ziberespazioan, Afrikan edo Artikoan hurbiltzen ari zaigu, eta gure azpiegituretan inbertsio handiak egiten ari da, kontrolatu nahian. 5Garen eta Huaweiren inguruko eztabaidak ikusi ditugu".