Mundua -
erresuma batua
Beste hilabetez eutsiko die Johnsonek murrizketei, koronabirusaren Delta aldaeragatik
Hilaren 21ean neurriak arintzea aurreikusten bazuen ere, kutsatzeek gora egin dute eta plangintza aldatu behar izan dute, txertaketan aurrera egin eta denbora irabazteko.
Olatz Prat | Eitb Media
Boris Johnson lehen ministro britainiarrak gaur iragarriko duenez, pandemiaren kontrako egungo neurri murriztaileei beste hilabetez eutsiko die koronabirusaren Delta aldaerarekin kutsatutakoen kopuruak gora egin ostean.
Otsailean ezarritako bide-orriaren arabera, ekainaren 21eako neurriak arintzea aurreikusten zen, taberna, klub eta bestelako ostalaritza guneak erabat irekitzea baimenduz.
Azken asteetan, ordea, nabarmen hazi da Delta aldaeragatik (lehen aldaera indiarra deitua) kutsatutakoen kopurua, eta, ondorioz, neurriek beste lau astez gutxienez bere horretan iraungo dute, BBC kateak aditzera eman duenez.
BBCren arabera, Gobernuak, ahal den neurrian, etxetik lan egiteko eskatuko die herritarrei.
Izan ere, datuak ez dira oso onak. Igandean, esaterako, 7490 kasu positibo berri eta zortzi heriotza, izan ziren Britainia Handian Covid-19a dela eta, eta kutsatzeek ia % 50ean egin dute gora ekainaren 7tik 13ra bitartean, aurreko astearekin alderatuta. Ospitaleratzeek ere % 15ean egin zuten gora ekainaren 2tik 8ra, aurreko zazpi egunen aldean.
Txertaketan aurreratuen doan herrialdeetakoa da Britainia Handia, ia 41 milioi pertsonek hartu baitute lehen dosia eta 30 milioi dira jarraibidea osatu dutenak, herritarren % 56 gutxi gora-behera.
Halere, txertoen dosi bakarrarekin Delta aldaerari aurka egiteko babes immunologikoa % 33koa baino ez da, eta aldaera horrek kutsatutakoak dira gaur egun infektatuta daudenen % 90. Horregatik, agintariak murrizketei eta segurtasun neurriei eustearen alde agertu dira, bien bitartean txertaketa plangintzan aurrera egin ahal izateko; izan ere, azken asteotan erietxeratutakoen gehiengoak ez zeukan txertorik jarria edo lehen dosia baino ez zeukan.
Dominic Raab atzerri ministroak BBCri adierazi dioenez, birusaren transmisioaren eta ospitaleratzeen arteko loturari begiratu behar zaio. "Badakigu asko aurreratu dugula eta transmisioaren eta ospitaleratzeen arteko lotura hori ahuldu dugula, eta noski, eri larriena; baina lortu ote dugun lotura hori etetea, horri begiratu behar diogu".