Mundua -
migrazioa
Mila pertsona inguru atzeman dituzte Libiako kostan eta hara itzularazi
Libian aritzen diren mafiek itsasoratu eta abandonatutako txaneletan zeuden migranteak itsasoan, noraezean, eta Libiara itzularazi dituzte atzeman orduko, leku "ez segura" izan arren.
agentziak | eitb media
Libian aritzen diren mafiek itsasoratu eta abandonatutako txaneletan itsasoan noraezean zeuden mila lagun inguru Libiara itzularazi dituzte atzeman orduko, nahiz eta leku "ez segurua" izan. Nazio Batuen errefuxiatuentzako agentziak (ACNUR) aditzera eman duenez.
Erakundearen arabera, urtea hasi zenetik Libian izan den itzulketa operazio handiena izan da, "Mediterraneo Erdialdeko migrazio ibilbidea" deritzonaren gunean, munduko aktibo eta hilgarrienetako bat.
Saheleko eta Saharaz hegoaldeko hainbat herrialdeetakoak dira migranteak, baina baita Ekialde Hurbilekoak eta Asiakoa ere. Haien zain ziren Tripolin hiru patruila eta beste bi Zawiyan, mugatik gertu dagoen eta pertsonen trafikoarekin aberasten urteak daramatzaten tokiko mafien operazio-gune nagusienetakoa den zonaldean.
Behin portura itzulita, agentzia humanitarioen lehen sorospenak jaso dituzte Libiako Migrazio agintarien esku utzi aurretik, eta hainbat GKEk salatu dutenez, gutxieneko duintasun baldintzak betetzen ez dituzten atxilotze zentroetara eraman dituzte.
Mila pertsona hauez gainera, ostiralean beste 200 atzeman zituzten patruila libiarrek.
Safa Msehli Migrazioen Nazioarteko Erakundeko (OIM) bozeramaileak salatu duenez "aurten beste 11.000 pertsonari gertatu zaien bezala, baldintza ikaragarrietan amaitu dute preso, estortsioaren eta abusuaren eraginpean".
Guztira Europara bidaiatzen ari ziren 615 pertsona atzeman zituzten ekainaren lehen astean Mediterraneoko uretan eta Libiako hondartzetan, gehienak Saheletik eta Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorritakoak.
Gainera, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakunde humanitarioaren salbamendu-ontziak 400 pertsona baino gehiago erreskatatu ditu Mediterraneo Erdialdean eta Libiako eta Maltako kostaldean, asteburuan.