Mundua -
HAUTESKUNDEAK PERUN
Pedro Castillok garaipena aldarrikatu du Peruko Presidentetzarako hauteskundeetan
Atzerriko botoen zain, eta botoen % 97,95 zenbatuta, ezkerreko hautagaiak botoen % 50,2 eskuratu ditu, eta Keiko Fujimorik, % 49,7. Azken horrek hauteskunde iruzurra salatu du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Perun ez da boto zenbaketa amaitu oraindik, baina Pedro Castillo ezkerreko hautagaiak bere burua garaile aldarrikatu du herrialdean egin berri diren Presidentetzarako hauteskundeetan. Bigarren itzulian aurkari izan duen Keiko Fujimori eskuineko hautagaiak, ostera, iruzurra salatu du. Dena dela, bozak gainbegiratu zituzten hauteskunde organoek ukatu egin dute.
Lima hiriburuan bere jarraitzaileen aurrean egin duen hitzaldian, perutarren borondatea ez "orbantzeko" eskatu die Pedro Castillok hauteskunde agintariei, eta tentazioetan ez erortzeko eskatu die bere jarraitzaileei.
Ezkerreko presidentegaiak demokrazia eta Perun indarrean dagoen Konstituzioa errespetatu egingo dituela, eta egonkortasun ekonomiko eta finantzarioa lehenetsiko dituen gobernua bultzatuko duela iragarri du.
Dolarraren igoera, besteak beste, gainditu beharreko oztopo izango badute ere, herrialdeko enpresaburu nagusiek herriari babesa agertu diotela nabarmendu du.
Emaitza ofizialen arabera, botoen % 97,95 zenbatuta, Pedro Castillok botoen % 50,2 eskuratu ditu, eta Keiko Fujimorik, % 49,7.