Mundua -
TREN ISTRIPUA
62 dira jada Pakistanen bi trenen arteko istripuan hildakoak
Ezbeharra goizaldean gertatu da Sindh probintziako Ghotki barrutian, Millat Express trena trenbidetik atera eta Sir Syed Express trenarenean sartuta.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bi trenek talka egin dute Pakistan hegoaldean, eta, gutxienez, 62 pertsona hil eta 100 inguru zauritu dira. Gainera, 28 pertsonak ospitaleratuta jarraitzen dute, horietako sei egoera larrian.
Ezbeharra goizaldean gertatu da, Millat Express trena trenbidetik atera eta Sir Syed Express trenarenean sartu denean. Bi trenen arteko talka Sindh probintziako Ghotki barrutian gertatu da, Nazia Jabeen Pakistango Trenbideen bozeramaileak aurreratu duenez. Guztira, 900 pertsona zihoazen bi trenetan.
Armada ari da erreskate lanetan parte hartzen, eta medikuak eta anbulantziak ere bertan dira. Gainera, ingeniari militar talde bat helikopteroz bertaratu da, trenaren hondakinak zatikatzen laguntzeko.
Imran Khan Pakistango lehen ministroak istripua lehenbailehen ikertzeko agindua eman du. "Trenbideen segurtasun akatsak sakon ikertzeko agindua eman dut", iragarri du Twitterren.
Ohikoak dira tren istripuak Pakistanen; izan ere, britainiar inperioaren garaikoa da bertan dagoen trenbide sarea. Iazko uztailean gutxienez 19 pertsona hil eta 15 zauritu ziren tren batek autobus bat jota Punjab probintzian. 2019ko urrian, berriz, 73 pertsona hil ziren bidaiari batzuk gosaria prestatzeko erabiltzen ari ziren gas bonbona batek eztanda eginda.