Mundua -
SAHARA
Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagia Aljeriara itzuli da
Aurrez, Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailearen aurrean deklaratu du, baina azken horrek aske uztea erabaki du. Iluntzean sendagiria jaso eta Logroñoko ospitaletik irten da.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagia goizaldean iritsi da Aljeriara, 01:30ean Noaingo aireportutik abiatu den hegazkin batean. Goizean, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu du, eta horrek aske utzi du haren aurkako froga nahikorik ez dagoela ebatzita. Behin hori jakinda, sendagiria eskatu du eta iluntzean irten da Logroñoko San Pedro ospitaletik. Apirilaren 18tik egon da bertan, covid-19ak jota.
Giza eskubideen aurkako delituak egotzita, kereila bana jarri zioten Giza Eskubideen Aldeko Elkarte Sahararrak eta Fadel Breica ekintzaileak, eta horregatik deklaratu behar izan du. Koronabirusagatik ospitaleratuta zegoenez, bideo-konferentzia bidez deklaratu du.
Santiago Pedraz epaileak nabarmendu du akusazioen txostenetan ez dagoela inolako zantzurik Ghalik deliturik egin duela pentsatzeko, eta kasu honetan jaso diren lekukoen testigantzak egiaztatzeko frogarik ez dagoela. Ondorioz, atzera bota ditu Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagiaren aurka eskatutako kautelazko neurriak –behin-behinean espetxeratzea eta pasaportea kentzea–, deliturik egin duela pentsatzeko inolako zantzurik ez dagoela eta ihesean joateko arriskurik ez dagoela ebatzita.
Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministroaren esanetan, Fronte Polisarioko idazkari nagusiari emandako "arreta humanitarioa amaitu da". Gaineratu duenez, osasun arazoak gaindituta eta justiziarekin zituen konpromisoak beteta, ez zuen zentzurik Espainian jarraitzeak.
Brahim Ghali artatu izanak krisi diplomatikoa sortu du Espainiaren eta Marokoren artean.