Mundua -
ISRAEL
Netanyahu agintetik kentzeko koalizio gobernua osatzeko lanean da Israelgo oposizioa
Gaur egun, lehen ministro denari karguan errepikatzeko aukerak murriztu zaizkio 12 urtez jarraian agintean egon ondotik.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Israelen, Benjamin Netanyahuren 12 urteko agintea azkenetan egon liteke; izan ere, oposizioak indarrak batu ditu eta koalizio gobernua osatzea aztertzen ari da. Azken orduetan, Naftali Bennett Juduen Etxea eskuin muturreko alderdiaren buruak "batasun gobernua" osatzeko proposamena egin dio Yair Lapid oposizioko buruari.
Naftali Bennetten alderdiak zazpi eserleku eskuratu zituen azken hauteskundeetan, eta balantza alde batera edo bestera mugiarazi dezake. Hain zuzen ere, horren esku egon daiteke agintea Netanyahu buru duen eskuineko blokeari edo oposizioari ematea. Naftali Bennettek pauso garrantzitsua eman du Lapid oposizioko alderdiarengana hurbilduta.
Azken bi urteotan lau hauteskunde egin dituzte Israelen, azkenak martxoan. Orain arte, Benjamin Netanyahuk ez du eskuineko gobernurik osatzea lortu du. Naftali Bennetten esanetan, bi aukera daude mahai gainean: "bosgarren hauteskundeak edo batasun nazionaleko gobernua".
Bennettek emandako azken pausoak lehen ministro karguan errepikatzeko aukerak murriztu dizkio Netanyahuri, 12 urtez jarraian agintean egon ondotik.
Netanyahuk azkar erantzun dio Bennetten iragarpenari, eta boto-emaile eskuindarrei "traizioa" egitea leporatu dio. Gobernua osatzeko azken saiakera bat egiteko ere eskatu du.
Bertako hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, Bennettek eta Lapidek txandaka gobernatuko lukete: lehen bi urteetan Bennettek, eta ondorengo bietan, Lapidek. Gobernua osatzeko epea ekainaren 2an amaituko zaie.
Lapid buru duen oposizioa oso anitza da, eta elkartzen dituen helburu bakarra Netanyahu boteretik kentzea da.