Mundua -
Europar Batasuna
EBk Bielorrusiari aireko eremua ixtea erabaki du eta isun ekonomikoak iragarri ditu
Europako Kontseiluak Roman Protasevich kazetari disidentea aske uzteko eskatu du. Bielorrusiak hegazkin bat lur-hartzera behartu zuen kazetaria atxilotzeko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Europar Batasuneko 27ek Bielorrusiako hegazkinei aireko eremua ixtea eta Batasuneko aireportuetako sarbidea galaraztea erabaki dute. Halaber, Europako aire-konpainiei Bielorrusia gainetik ez ibiltzeko eskatu diete. Igandean, Roman Protasevich kazetari disidentea atxilotzeko, Minskek Ryanairren hegaldi bat lur-hartzera behartu ostean, Europako Kontseiluak bilera egin du eta Bielorrusiaren aurka zenbait neurri hartzea adostu dute.
Horrez gain, Bielorrusiako sektore ekonomikoei zuzendutako zigorrak prestatu ditzatela eskatu diote Europako Batzordeari eta Josep Borrell Kanpo Politikako arduradun nagusiari. Egun, EBk Bielorrusiako 88 agintari eta zazpi erakunde ditu zerrenda beltz batean.
Europako Kontseiluaren ebazpenaren arabera, EBko buruzagiek gaitzetsi egiten dute gertakari "onartezina" eta "aurrekaririk ez" duena, eta Roman Protasevich eta Sofia Sapega bere bikotekidea libre uztea eskatzen dute.
Europako Kontseiluaren goi-bilera hasi aurretik, agintari asko agertu dira Bielorrusiaren aurkako neurriak hartzearen alde.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berretsi du "erabat onartezina" izan zela gertakaria, eta esan du aurre egin behar zaiola "beste herrialde batzuetan eskatzen diren ezaugarri demokratikoak" betetzen ez dituen Bielorrusiako erregimenari.
"Bahiketa onartezina da", azpimarratu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, bilerara iritsi denean, eta "ondorio larriak" izango dituela ohartarazi aurretik.
2.500 hegaldi
Aurreko astean 2.500 izan ziren EBko aireporturen batetik abiatu eta Bielorrusiako aire eremua igaro zuten hegaldiak. Horietatik, 419 Belavia Bielorrusiako estatu konpainiarenak izan ziren.
Europar Batasuneko hiru aire konpainiak eskaintzen dituzte Bielorrusiarako hegaldi zuzenak: Lufthansak, LOTek eta Air Bailticek, baina azken horrek iragarri du bertan behera utzi dituela hegaldiak behin behinean.
BIDEOA | Atxilotutako kazetariak ondo dagoela adierazi du, sareetan zabaldutako bideo batean