Mundua -

ISRAEL-PALESTINA

Gatazkari buruzko "elkarrizketa serioa" abiatzeko eskatu die NBEk bi aldeei

Joe Biden AEBko presidenteak esan du bere administrazioak "diplomazia isil eta nekaezinarekin" jarraituko duela benetako bakea lortzeko helburuarekin.

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusia
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak Israelen eta Hamasen arteko su-etena txalotu du, baina "elkarrizketa serioa" abiatzeko eskatu die bi aldeei gatazkaren oinarriari heltzeko.

Ohar batean, Egipto eta Qatar zoriondu ditu Guterresek, "Gazan eta Israelen lasaitasuna berreskuratzen laguntzeko" egindako "ahaleginagatik".

"Alde guztiei su-etena errespetatzeko deia egiten diet", esan du NBEko idazkari nagusiak. Halaber, buruzagi israeldarrek eta palestinarrek "gatazkaren arrazoi sakonei aurre egiteko elkarrizketa serio bat" hasi behar dutela azpimarratu du.

"Gaza etorkizuneko Palestinako estatuaren zati integral bat da, eta zatiketari amaiera emango dion benetako adiskidetzea lortzeko" lan egiteko beharra adierazi du. Hurrengo pausoen artean, "bake prozesua suspertzea" aipatu du "bi estatuen arteko konponbidea lortzeko".

Bakea lortzeko lan egingo duela ziurtatu du Joe Biden AEBko presidenteak

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ere txalotu du su-etena, eta bere administrazioak "diplomazia isil eta nekaezinarekin" jarraituko duela hitzeman du israeldarren eta palestinarren arteko bakea lortzeko helburuarekin.

Su-etenaren harira, agerraldia egin du Bidenek Etxe Zurian. Bere taldeak duen "konpromiso diplomatiko handia" eta eskualdean akordioa erdiesteko egindako lana nabarmendu ditu.

Palestinarrek eta israeldarrek "segurtasun eta babes baldintza berdinetan bizitzea eta askatasun, oparotasun eta demokrazia neurri berdinez gozatzea" merezi dutela esan du presidente estatubatuarrak. "Nire Administrazioak diplomazia isil eta gupidagabearekin jarraituko du helburu horrekin. Aurrera egiteko benetako aukera dugula uste dut, eta hori lortzeko lan egiteko konpromisoa dut", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Israel albisteak azken ordukoa Palestina azken orduko albisteak Mikel Ayestaran azken ordukoa Ekialde Hurbila