Mundua -
Israel-Palestina
Su-etena errazteko, Gazan bonbardaketak eten ditzala eskatu dio Bidenek Netanyahuri
Hala ere, lehen ministro israeldarrak azpimarratu du ez duela palestinarren aurkako erasoaldiak geldiarazteko asmorik, eta ez du baztertu Gaza lurrez inbaditzeko aukera.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Su-etena errazte aldera, Gazan bonbardaketak eten ditzala eskatu dio gaur Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrari.
Etxe Zuriak ohar bidez jakinarazi duenez, bi agintariek telefonoz hitz egin dute gaur, laugarren aldiz aste honetan, eta Israelgo Armada egiten ari den erasoaldian "deseskalatze adierazgarri bat" abiatzeko eskatu dio Bidenek Netanyahuri.
Bonbardaketak duela hamar egun hasi zirenetik gutxienez 210 palestinar hil dituzte Gazan. Biktima israeldarrak, berriz, 12 dira.
"Bi agintariek Gazako egoera aztertu dute, baita Hamas eta beste elementu terrorista batzuk indargabatzeko Israelek egin duena ere", adierazi du Etxe Zuriak.
Joan den astelehenean agertu zen lehen aldiz su-etenaren alde Biden, Alderdi Demokratako kideek nahiz beste herrialde batzuek gatazka horretan esku hartzeko deiari erantzunez.
Aldi berean, baina, Bidenek nabarmendu zuen Israelek "defendatzeko eskubidea” duela eta Hamasek Israel aldera koheteak jaurtiz egindako "eraso indiskriminatuak" gaitzetsi zituen.
Netanyahuk ez ditu erasoak geldituko
Bestalde, Bidenekin hitz egin eta gero, Netanyahuk azpimarratu du ez dutela inolako planik epe laburrean bonbardaketak eteteko. Areago, Gaza lurrez inbaditzea baztertu ez dutela ziurtatu du.
"Operazio honekin jarraituko dut, gure helburua lortu arte: israeldarrei lasaitasuna eta segurtasuna bermatu arte", adierazi du.
"Egunek aurrera egin ahala, erakunde terroristak gero eta gehiago jotzen diegu: buruzagiei erago egiten diegu eta haien eraikinak eta armategiak suntsitzen ditugu", nabarmendu du Armadak Tel Aviven duen egoitzan egindako bisitan.
"Gure helburua lortzeko bi aukera ditugu: (Gaza) konkistatzea edo Israeli eraso egiteko ideia burutik kenduta", erantsi du.
Oraingoz, bigarren aukera horren alde egin dutela, baina Gaza lurrez inbaditzea baztertu ez dutela zehaztu du.