Mundua -
EKIALDE HURBILA
Jordaniako mugatik gertu drone bat bota duela iragarri du Israelek
Israel iparraldean eraitsi du aparatua. Oraingoz, ez dute zehaztu norena zen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Israelgo Armadak Jordaniako mugatik gertu drone bat bota duela iragarri du gaur. Hala ere, ez du zehaztu non aireratu duten.
Armadak zabaldutako informazioaren arabera, Israel iparraldean eraitsi dute, Beit Shean hiritik gertu, zehazki, Jordan eta Megido haranen artean. Dena dela, oraingoz ez dakite Jordaniatik atera den ala ez.
Ildo horretan, The Times of Israel egunkari israeldarrak gogora ekarri duenez, 2018an beste drone bat sartu zen Israelgo aireko espazioan, eta orduko hartan ere Armadak lurrera bota zuen. Iranen egindako dronea Siriatik aireratu omen zuten, eta Israelek helburu irandarrei eraso eginez erantzun zuen gero.
Atzo, Jordaniako Parlamentuak mozio bat onartu zuen, aho batez, Israelgo enbaxadorea Amman hiriburutik kanporatzeko eta Jordaniak Tel Aviven duen enbaxadorea bilera batera deitzeko.
Bestalde, Israelek Kerem Shalomgo pasabidea irekiko du Gazako mugan, bertako hedabideek jakitera eman dutenez. Maiatzaren 9tik itxita egon da, eta erregaia, elikagaiak eta botikak Gazako Zerrendan sartzea ahalbidetuko du.
Duela astebete Israelen azken erasoaldia hasi zenetik 200 palestinar baino gehiago hil dira Gazako Zerrendan, tartean 58 adin txikiko. Gainera, Zisjordanian 20 palestinar hil dira. Israelen, ostera, 10 pertsona hil dira Gazatik jaurtitako koheteen ondorioz.