Mundua -

Ekialde Hurbila

Familia bereko hamar lagun hil ditu Israelek, gutxienez, Al Shati errefuxiatu gunean

Hamasek aurreratu du litekeena dela hildakoen kopurua handiagoa izatea, errefuxiatu eremuan gorpuak errekuperatzeko lanetan baitira.

Al Shati errefuxiatu guneko bonbardaketako biktimak. Argazkia: AFP
Al Shati errefuxiatu guneko bonbardaketako biktimak
10.000 palestinarrek etxea galdu dute Israelek Gazan egindako erasorik bortitzenean

1:20

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek jakinarazi du Hamasen hainbat eraikin eraso dituela Gazako Zerrendan. Bertako medioek argitaratu dutenaren arabera, Israelen bonbardaketak hamar hildako utzi ditu, gutxienez, Al Shatiko errefuxiatu gunean: bi emakume eta zortzi haur, familia berekoak denak.

“Hegazkinek hainbat suziri-jaurtitzaile eta beste hainbat lur azpiko eraikin eraso dituzte”, azaldu du Israelgo Armadak bere Twitter kontuan, eta Gazako Zerrendaren iparraldean jaurtitako bonben irudiak partekatu dituzte.

Aurreko irudien ondotik, Tawfiq Abu Naim Hamasen segurtasun arduradunak “azpiegitura militarra kontrolatzeko” erabiltzen zuen eraikina suntsitu duten uneko irudiak publikatu ditu. Hala ere, ez dute argitu Abu Naim bera erasoaren biktima izan ote den.

Larunbateko erasoen azken balantzean, Israelek adierazi du gauean “inteligentzia militarreko gune bat, suziriak jaurtitzeko hainbat gune eta bi eskuadroi terrorista” eraso dituela.

Bitartean, Al Shati errefuxiatu guneko bonbardaketan gutxienez zazpi hildako, tartean hainbat ume, egon direla jakinarazi du Gazak. Erasoaldia ezustekoa izan dela azaldu du WAFA albiste agentzia palestinarrak. Bestalde, Maan agentzia palestinarrak 10 hildako eta 20 zauritutik gora egon direla publikatu du.

Horrez gainera, Hamasek jakitera eman du litekeena dela hildakoen kopurua handiagoa izatea, errefuxiatu eremuan gorpuak errekuperatzeko lanetan baitira. Israelgo Armadak, ostera, ez du erasoaren inguruko informazio zehatzik eman.

AP eta Al Jazeera agentzien egoitzari erasoa

Aurretik aipatutako bonbardaketez gain, Israelek Gazako Al Jalaa dorrea suntsitu du, AP albiste agentzia estatubatuarraren eta Al Jazeera komuniabidearen egoitza. Nazioarteko komunikabideek 14 pisuko eraikinaren bonbardaketa zuzenean eskaini dute.

Su etena: ordezkari estatubatuarrak Israelera iritsi dira

Erasoaldia gordindu dela eta, Mohamed Shtayé lehen ministro palestinarrak laguntza eskatu die Nazio Batuei ostiral honetan, “Israelen etengabeko erasoak eteteko”.

Bitartean, Israelgo Gobernuak mahai gainean du Gaza lurretik inbaditzeko aukera, eta ez du su etenaren aldeko asmorik erakutsi. “The Times of Israel”ek iturri diplomatikoetatik jasotako informazioen arabera, bi aldeak akordio batera heltzeko aukera dago; izan ere, bitartekariak (AEB eta Errusia tarteko) baikor agertu dira izandako elkarrizketekin. Joe Bidenek bidalitako ordezkariak gaur iritsi dira Israelera.

Bestalde, Jaled Meshal Hamasen buruzagi politikoak azaldu du “aldebiko” su etenaren alde daudela, aipatutako egunkari israeldarrak argitaratu duenez. Orain arte, Nazio Batuek eta Egiptok proposatutako bi su etenak errefusatu ditu Israelek.

140 hildakotik gora Palestinan

Palestinak 140 pertsonatik gora hil direla konfirmatu du. Horien artean, 30 baino gehiago haurrak dira, eta 900 zauritu inguru izan dira orotara.

Israelen bederatzi pertsona hil dira, gutxienez, azken egunetan. Erasootan 20 militar israeldar hil direla diote soldaduek, Israelek gehiago izan direla azpimarratu duen arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Jerusalem Ekialde Hurbila gaur