Mundua -
Gatazka
Israelek gutxienez 43 palestinar hil ditu Gazako Eremua bonbardatuta
Hamasek kohete andanarekin erantzun dio erasoari, eta Israelgo Armadak adierazi du indarkeriaren gorakada "mugagabea" dela. Halaber, Israelek larrialdi egoera ezarri du Lod hirian.
agentziak | eitb media
Israelgo Armadaren bonbardaketetan gutxienez 43 palestinar (tartean 13 haur eta hiru emakume) hil dituztela jakinarazi du asteazken honetan Palestinako Osasun Ministerioak, azken egunotan gatazka gaiztotu ostean. Gainera, zaurituak 233 direla adierazi du. Halaber, Hamasek suziriak jaurti ditu Israelen aurka, eta gutxienez bost zibil hil dira.
Israelek eta Hamasek erasoak gogortu dituzte, eta gauean ere erasoekin jarraitu dute.
Azken orduetan, Gazan, Hamasen hainbat helbururi eraso dietela adierazi du Israelgo Armadako bozeramaile batek, eta erasoak egiten jarraituko dutela gaineratu du.
Besteak beste, zortzi solairu inguru dituen Al Jawhara dorrea, Israelen ustez Hamasen bulegoak zeuden bederatzi solairuko eraikina, dozenaka polizia-etxe, tartean Poliziaren kuartel nagusia, eta Hala Al Shwa ospitalea suntsitu dituzte.
Hamasek koheteak jaurtiz erantzun du, 110etik gora, Gazako Zerrendatik Tel Avivera eta Ben Gurion aireportura. Eraso horietan, bost zibil hil direla jakinarazi du Reuters albiste agentziak.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bere aldetik, larrialdi egoera ezarri du Lod hirian, azken orduetan izandako istilu eta liskarren ondorioz. Gutxienez, 12 pertsona atxilotu dituzte.
Israelgo Armadak indarkeriaren gorakada "mugagabea" iragarri du
Aviv Kochavi Israelgo Armadaren buruak esan du "kanpaina handiagoa" egiteko prestatu behar direla soldaduak, borrokaldiaren iraupena "mugagabea" baita. Hala, erasoak egiten jarraitzeko deia egin du.
"Erasoek aurrera jarraituko dute hegoaldeko egoiliarrak segurtasunez bizi daitezen", adierazi du.
Benny Gantz Defentsa ministro israeldarrak, berriz, 5.000 erreserbistari deitzeko baimena eman du, bonbardaketen harira. Ez dituzte berehala deituko, baina adi egoteko eskatu diete, beharrezkoa denean deituko dietelako.
Palestinarren koheteak
Axkelon hiri israeldarrean gutxienez 30 pertsona zauritu dituzte kohete palestinarrek, Hamasek bere gain hartutako eraso batean. Gazako etxe baten aurkako bonbardaketan bi pertsona hil dituztelako jaurti omen dituzte koheteak etxebizitza eraikinaren aurka. Era berean, eskola bat ere bonbardatu dute, baina inork ez du minik hartu, hutsik baitzegoen.
Abu Obeida Hamasen bozeramaileak esan du 137 kohete jaurti dituztela Axkelonera bost minutuan, baina "askoz ere gehiago" dituztela. Horregatik, agintari israeldarrek babesean egoteko deia egin diete herritarrei.
Jatorria
Eraso eta erantzun hauen jatorrian goraka egin duen tentsioa dago. Israelek palestinarrak egotzi nahi ditu Sheij Jarra auzotik (Jerusalem Ekialdea), eta horrek tentsioa nabarmen handitu du. Nazio Batuen erakundeak berak ohartarazi du gerra krimena izan daitekeela.
Sheij Jarratik Jerusalem Ekialdeko beste leku batzuetara zabaldu ziren protestak, eta igandean Israelgo Poliziak ehunka palestinar zauritu zituen Meskiten Lautadan egindako protestaldi batean. Al Aqsako meskitan ere sartu zen Polizia, eta negarra eragiteko gasa jaurti zuen.
Erreakzioak
Mahmud Abas Palestinako Agintaritzako presidenteak gogor gaitzetsi ditu Israelen bonbardaketak, eta horri egotzi dio indarkeriaren eta Gazako Eremuan eta Jerusalemen egindako "krimenen ardura bakarra".
Bestalde, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere bat egin du gaitzespenarekin, eta "bereziki herritar zibilen aurka" egindako erasoak salatu ditu.
Gainera, Arabiar Ligak premiazko bilera deitu du Palestinako Agintaritzak eta Jordaniak eskatuta, Jerusalemgo eta Gazako Eremuko egoera aztertzeko.
Nazio Batuen Erakundeak Segurtasun Kontseiluaren bilera deitu du gaurko. Batzarra Euskal Herrian 15:00ak direnean egingo da, New York hirian.