Mundua -
KOLONBIA
Akordiorik gabe amaitu da Ivan Duqueren eta Greba Batzordearen arteko lehen bilera
Gauzak horrela, beste greba egun bat deitu dute asteazkenerako. Protestak hasi zirenetik gutxienez 47 pertsona hil dira.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Kolonbian, Ivan Duque presidentearen eta Greba Batzordearen arteko lehen bilera akordiorik gabe amaitu da. Beraz, gaur-gaurkoz, eutsi egingo diete apirilaren 28tik hasitako mobilizazioei eta, horrez gain, beste greba egun bat deitu dute asteazkenerako.
Protesten antolatzaile den Greba Batzordearen esanetan, Gobernuak ez du enpatiarik azaldu. Gobernuak, bere aldetik, batzarraren balorazio positiboa egin du.
Lehen bilera errondan hainbat pertsonak parte hartu dute: Gobernuaren aldetik, Ivan Duque presidenteak eta Marta Lucia Ramirez presidenteordeak; Carlos Ruiz NBEk Kolonbian duen ordezkariak, Eliza Katolikoaren ordezkari batek, Miguel Ceballos Kolonbiako Bakerako goi mandatariak, eta Greba Batzordeak. Azken horiek azaldu dutenez, sarraskiak eta poliziaren indarkeria bertan behera uztea eskatu diote Ivan Duque presidenteari eta, akordiorik lortu ez dutenez, lanuzte berriak deitu dituzte biharko.
Greba Batzordetik salatu dutenez, "Gobernuak negoziazio hitza saihestu du eta ez du konpromisoa hartu errepresioa ez errepikatzeko". "Hori gabe, guretzat, ez dago bermerik", gaineratu dute.
Protestak hasi zirenetik gutxienez 47 pertsona hil dira Kolonbian, Tenblores gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez.
Informazioa osatzeko lanean ari gara...
Bi polizia atxilotu dituzte 19 urteko gazte baten heriotzarekin lotuta
Kolonbiako agintariek bi polizia agente atxilotu dituzte astelehen honetan, Ibague hirian izandako manifestazio batean Poliziaren tiroz hil zen gazte baten heriotza tarteko.
Gaztearen amak emandako testigantzaren arabera, gaztea bere etxerantz zihoan tiro bat jaso zuenean.
Bi poliziak "berehala" geratu dira euren eginkizunetatik kanpo.