Mundua -
ESKOZIA
Sturgeon: "Kontua ez da erreferenduma egingo den, noiz egingo den zehaztea baizik"
Gehiengo absolututik pauso bakarrera gelditu ostean, Eskoziako ministro nagusiak independentziari buruzko errefereduma iragarri du koronabirusaren krisia gainditzen dutenerako.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarekin hitz egin du bart, eta elkarrizketa horretan independentziari buruzko bigarren erreferenduma egiteko asmoa berretsi dio. Eskoziako agintari nazionalistaren esanetan, kontua ez da independentziari buruzko erreferenduma egingo den, noiz egingo den zehaztea baizik. Iragan osteguneko hauteskundeetan garaipen argia eskuratu ostean, Eskoziako ministro nagusiak independentziari buruzko errefereduma iragarri du koronabirusaren krisia gainditzen dutenerako.
Osteguneko bozetan, gehiengo absolututik eserleku bakarrera gelditu zen Eskoziako Alderdi Nazionala. Larunbatean garaipena aldarrikatu ondotik, independentziari buruzko bigarren erreferenduma egiteko asmoa berretsi zuen.
Telefonoz izan duten elkarrizketa horren berri eman dio SNP alderdiko bozeramaile batek BBCri. Horren arabera, Nicola Sturgeonek argi du Eskoziako herriak hitz egin behar duela krisia amaitzen denean.
Halaber, susperraldia bultzatzeko Erresuma Batuko Gobernuarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa erakutsi du.
Bestalde, aurrez gutun bidez egin bezala, Erresuma Batuaren etorkizunari buruzko goi-bilera batera deitu du Johnsonek Sturgeon. Eskoziako ministro nagusiari ez ezik, Mark Drakeford Galeseko ordezkari nagusia eta Arkene Foster eta Michelle O’Neill Ipar Irlandako ordezkariak ere gonbidatu ditu.