Mundua -
AFGANISTAN
Gutxienez 85 hildako Kabulen, nesken eskola baten aurkako atentatu batean
Hiru leherketa izan dira hazara etniako gutxiengo xiia bizi den auzoko bigarren hezkuntzako eskolaren atarian eta 147 zauritu dira. Nazioarteak gogor gaitzetsi du atentatua.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gutxienez 85 pertsona hil dira, gehienak neskatoak, eta 147 zauritu larunbatean Kabulen, emakumeen bigarren hezkuntzako eskola baten aurka egindako atentatuan, Afganistango agintariek astelehen honetan egindako azken zenbaketaren arabera.
Atentatua larunbat arratsaldeko lehen orduan izan zen, Dasht-e-Barchi inguruan, hazara etniako gutxiengo xiia bizi den auzoan, Sayed-ul-Shuhada emakumeen bigarren hezkuntzako eskolako sarrerako atearen aurrean, gazteak ikasgeletatik ateratzen ari zirenean.
Barne Ministerioak zehaztu duenez, hiru leherketa izan ziren: "Bonba-auto bat, eta, ondoren, ikasleak eskolatik ateratzen ari zirenean, bi IED (lehergailu inprobisatuak) lehertu ziren inguru berean".
Atentatua oraindik inork bere gain hartu ez duen arren, Estatu islamikoa (EI) izan daiteke erantzulea, talde jihadista horrek sarri egiten baititu hazaren aurkako erasoak, apostatak izatea leporatuta.
Talibanek oharra atera zuten zibilen aurkako erasoa gaitzetsiz. "Estatu Islamikoaren izenean Kabulgo Administrazioaren inteligentzia zerbitzuen babesean jarduten duten ezkutuko taldeei" leporatu diete erasoa.
Afganistango Gobernuak, berriz, talibanak zirela esan zuen ohar batean, eta geroago Barne Ministerioak talibanei egotzi zien berriz ere erasoaren ardura. Barne Ministerioko bozeramailearen arabera, talibanek eraso horiek herriaren eta Gobernuaren aurkako "presio modu" gisa erabiltzen dituzte eta "talibanak dira erasoaren erantzuleak"; "Estatu Islamikoa gezurrezko aitzakia bat baino ez da".
Gaitzespenak
Gaitzespen adierazpenak berehala iritsi ziren, Nazio Batuen Erakundearenak eta mundu osoko gobernuenak tartean.
"Inoiz ez da onargarria eskoletan edo eskoletatik gertu indarkeria erabiltzea. Eskolek bake-babesleku izan behar dute, eta haurrek segurtasunez jolasteko, ikasteko eta sozializatzeko aukera izan behar dute", adierazi zuen Henrietta Fore UNICEFeko zuzendari exekutiboak ohar baten bidez.
Atentatua izan den auzoan eraso islamistak izan ziren iazko urrian ere beste ikastetxe baten kontra, eta 24 pertsona hil eta 57 zauritu zituzten.
Duela urtebete, auzo horretan bertan, 16 pertsona hil zituzten amategi batean. Bi jaioberri, jaioberrien amak eta emaginak tiroz hil zituzten.