Mundua -
KORONABIRUSA
Txertoaren patentea liberalizatzea ez dela baliagarria epe laburrean uste du Bruselak
"Mundu guztiarentzako txertoak behar ditugu orain, eta patenteak kentzeak ez ditu epe laburrean arazoak konponduko, ez du txerto dosi bakar bat sortuko", esan du Ursula von der Leyenek.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek bilera hasi zuten atzo Porton, koronabirusaren aurkako txertoen patenteak askatzeko proposamena aztertzeko. AEBk txertoei patenteak kentzea babestu du azken orduetan baina ez dirudi Europar Batasuna bide beretik joango denik.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo gaueko azken orduan adierazi zuenez, "koronabirusaren aurkako txertoen patentea liberalizatzeak ez du eragingo dosien ekoizpena handitzea epe labur eta ertainean".
"Txertoak behar ditugu orain mundu guztiarentzat, eta, epe labur eta ertainean, patenteak kentzeak ez ditu arazoak konponduko, ez du txertoaren dosi bakar bat ere sortuko epe labur eta ertainean", adierazi zuen Eskubide Sozialen Europako goi mailako bileraren ondoren emandako prentsaurrekoan.
Hala, Europar Batasunak patenteak liberalizatzeko aukeraz eztabaidatzeko "prest" egon behar duela uste badu ere (Indiak eta Hegoafrikak aurkeztutako ideia da), eztabaidari eusteko "360 graduko perspektiba" izan behar dela esan zuen.
Von der Leyenen iritziz, epe labur eta ertainean "txertoak partekatu eta hirugarren herrialdeetara esportatzea" da beharrezkoena, baita ekoizpen gaitasuna handitzen inbertitzea ere.
EB dosiak partekatzeaz arduratu dela azpimarratu zuen, eta argi utzi nahi izan zuen Europar Batasuna dela "munduan, eskala handian, txertoak esportatzen ari den eskualde demokratiko bakarra". "Europan ekoizten ari denaren % 50 inguru ia 90 herrialdetara esportatzen da", azaldu zuen, 200 milioi txerto inguru esportatu direla eta beste 200 milioi inguru geratu direla Europar Batasuneko herritarrentzako.
Hala, "patenteen liberalizazioaren inguruko eztabaidan parte hartzen duten guztiak gurekin bat egitera gonbidatzen ditugu, eurek ekoizten dutenaren zati handi bat esportatzeko prest egonez", eskatu zuen.
Europar Batasuneko herrialde gehienak eta Europako Batzordea covid-19aren kontrako txertoen patenteak liberalizatzearen aurka agertu izan dira orain arte. Horren ordez, farmazia enpresen arteako akordioen bidez, teknologiaren borondatezko transferentzia defendatu izan dute.
Bruselak argi esan izan du behin eta berriz, txertoen ekoizpena sustatzea eta herrialde txiroenetarako esportazioa bultzatzea dela epe motzerako irtenbidea.
Frantzian, dena dela, Emmanuel Macron presidentea patenteak "aldi baterako baliogabetzearen alde" agertu da.
Alemaniako Gobernuarentzat, berriz, beharrezkoa da txertoen jabetza intelektualaren babesa mantentzea. Alemaniaren esanetan, patenteak bertan behera uzteak "ondorio larriak" ekar ditzake.
Espainiak positibotzat jo du eztabaida, baina gai "konplexua" dela esan du. Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, liberalizazioa kasu jakin batzuetan erabilgarria izan daitekeen arren, ekoizpen eta banaketa baliabideei nola eragingo liekeen ere aztertu beharko litzateke.
Oro har, Batasuneko 27 herrialdeen baitako herrialdeen erreakzioa zuhurra izan da. Eztabaidarako atea irekita utzi dute, baina ez dute askoz ere gehiago aurreratu nahi izan publikoki.