Mundua -
AURKIKUNTZA
Euskal esploratzaile batek Alexandro Handiak egindako bi hiri aurkitu ditu Pakistanen
Miguel Gutierrez-Garitano esploratzaile gasteiztarrak tumulu bat ere aurkitu du, bere garaian Bucefaloren gorpuzkiak gordetzeko egindakoa izan litekeena.
EITB MEDIA
Miguel Gutierrez-Garitano Gasteizko esploratzaileak Alexandro Handiak sortutako bi hiri galduren hondarrak izan daitezkeenak aurkitu ditu Pakistanen. Era berean, tumulu bat aurkitu du, konkistatzaile mazedoniarraren Buzefalo zaldiaren gorpuzkiak gordetzeko egindakoa izan litekeena.
Apirilaren amaieran Punjabera (Pakistan) egindako bidaian aurkitu ditu gasteiztarrak Alexandria Nicaea eta Alexandria Bucefala hiriak izan daitezkeenak.
Gutierrez-Garitanok urteak daramatza Kristo aurreko IV. mendean Alexandro Handiaren eta Poros erregearen artean izan zen Hidaspesko gudua aztertzen. Bidaia esploratzailea presidente duen La Exploradora Geografia Elkartearentzat diseinatutako gatazka honi buruzko prestakuntza proiektu baten parte da.
Ikerlan batzuk egiten ari zenean, esploratzaileak adobezko horma bat aurkitu, eta horren ezaugarriak ikusita, ikerketa abiatu zuen. Ikerketa horiei esker, Alexandria Nicaea eta Alexandria Buzefaloa hiriak izan daitezkeenak aurkitu zituen, baita mazedoniar konkistatzailearen Buzefalo zaldi ospetsuaren hondakinak gordetzeko tumulua ere.
Gutierrez-Garitanok azpimarratu duenez, hipotesi hori baieztatu ala ez, aurkitutako aztarnategiak "balio handia" du, eta, horregatik, Pakistango Gobernuarekin harremanetan jarri da, babesten saiatzea eskatzeko.
Era berean, UNESCOrekin harremanetan jartzeko asmoa du, nazioarteko erakundea aurkitutako lekuak zaintzeaz arduratu ahal den jakiteko.
Miguel Gutierrez-Garitanok bi hiri galduren hondarrak izan daitezkeenak aurkitu ditu Pakistanen. Argazkia: EFE