Mundua -

Txertoak

Zer ekarriko luke covid-19aren aurkako txertoen patenteen baliogabetzeak?

Munduan 1.100 milioi dosi jarri dira, eta herrialde txiroenek % 0,3 soilik jaso dituzte. Txertoa pertsona guztien eskura egongo balitz, pandemia urtebetean amaitzea posible izango litzateke.

Adineko emakume bat New Delhiko ospitale batean. Artxiboko argazkia: EFE
Adineko emakume bat New Delhiko ospitale batean.
Zer ekarriko luke covid-19aren aurkako txertoen patenteen baliogabetzeak?

1:27

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ari aurre egiteko txertoen patenteak behin-behinean baliorik gabe uztearen alde agertu dira Ameriketako Estatu Batuak, eta iragarpen horrek itxaropen handia piztu du nazioartean. Indiak eta Hegoafrikak urrian eraman zuten proposamen hori Munduko Merkataritza Erakundera, baina orain arte herrialde aberatsenak aukera hori eztabaidatzeari uko egin diote.

Txertoak bezalako osasun produktuen gaineko eskubideak Munduko Merkataritza Erakundearen baitan egindako itun batean daude jasota. Patenteak bertan behera geratuz gero, produktu horiek ekoizteko formulak askatasunez kopiatzeko aukera -sortzaileari ordaindu gabe- zabalduko litzateke eta horrek txertoen ekoizpena handitzea ekarriko luke, orain baino enpresa-farmazeutiko gehiago arituko litzatekeelako lan horretan.

Patenteek 20 urteko indarraldia izan ohi dute, baina posible da enpresa batek beste konpainia farmazeutiko batekin akordioa egitea produktu generikoak ekoizteko. Hala egin zuten, adibidez, hiesari lotutako sendagaiekin.  

Indiak eta Hegoafrikak egindako proposamena hasieratik babestu dute herrialde txiroenek; izan ere, munduan 1.100 milioi dosi jarri dira orain arte, eta herrialde horiek % 0,3 soilik jaso dituzte.

Kontra agertu dira, berriz, herrialde indartsuenak, besteak beste, AEB –orain jarreraz aldatu badu ere-, Europar Batasuna, Suitza, Japonia edota Australia. Esan gabe doa enpresa-farmazeutiko handienak herrialde horietakoak direla.

Garapen bidean dauden estatuek, giza eskubideen aldeko elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek hilabete luzeak daramatzate patenteak baliogabetzeko eskatuz. Orain arte ez dute erantzunik jaso, baina Joe Biden presidente estatubatuarrak gaur egin duen iragarpenak ondorioak izan ditu: Europar Batasunak esan du aukera hori aztertzeko prest dagoela eta Errusiak jakinarazi du patenteak kentzearen alde dagoela.

Baina, zein ondorio ekarriko ditu?

RAC-1 irratian egindako elkarrizketa batean, German Velasquez Munduko Osasun Erakundeko sendagaien programako zuzendari ohiak ziurtatu du "mundu osoko herritarrak urtebetean immunizatuta" egongo liratekeela, txertoen patenteak bertan behera utziz gero.

Pozik hartu du Bidenen erabakia, baina, hala ere, proposamen hori gauzatzea "zaila" izango dela ohartarazi du.

Bere esanetan, patenteak kenduz gero, urtean 3.000 milioi dosi ekoiztetik, 14.000 dosi sortzera igaroko dira enpresa-farmazeutikoak.

"Txertoak baldin badaude, munduko biztanleria guztia urtebetean immunizatzea posible izango litzateke. Orain arte bezala jarraituz gero, hiru edo lau urte beharko ditu. Ameriketako Estatu Batuak eta Europar Batasuna immunizatuta egon arren, munduko gainerako herritarrak txertatuta ez baldin badaude, ez dira seguru egongo", adierazi du.  

Bestalde, Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak ere pauso garrantzitsutzat jo du Bidenen iragarpena, baina gogora ekarri du AEBk bere herritar guztiak immunizatzeko beste dosi badituela eta, hala ere, "500 milioi dosi soberan dituela".  

Gauzak horrela, eta pandemiaren amaitu nahi badu, behar ez dituen dosi horiek guztiak Covax programaren bidez herrialde pobreenen esku jar ditzala eskatu dio Gobernu estatubatuarrari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Errusia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia India Latinoamerika Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa