Mundua -
KORONABIRUSA
Covid-19aren aurkako patenteak bertan behera uztea babestu du AEBk
Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuen proposamena eztabaidatzeko prest agertu da. Enpresa farmazeutikoek erabaki "etsigarria" dela diote eta MOEk, berriz, erabakia txalotu du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak koronabirusaren aurkako txertoen patenteak bertan behera uztea babestu du. Asteazken honetan egin duen iragarpenak era guztietako erreakzioak eragin ditu. IFPMA Sendagaien Industriaren Nazioarteko Federazioak erabaki "etsigarria" dela dio, eta Pfizer, BioNTech eta Moderna enpresen akzioek nabarmen egin dute behera Wall Streeteko burtsan. Munduko Osasunaren Erakundeak (MOE), bere aldetik, erabakia txalotu du eta covid-19aren aurkako borrokan "mugarri" izan daitekeela uste du. AEBk bere erabakia aldatu ondotik, proposamena eztabaidatzeko prestutasuna agertu du Europar Batasunak.
Katherine Tai Ameriketako Estatu Batuetako Kanpo Merkataritzako ordezkariak iragarri du albistea. Hala ere, AEBk jabetza intelektualaren babesean "tinko" sinesten jarraitzen duela azpimarratu du.
Edozein kasutan, pandemiak eragindako ezohiko egoera honen aurrean ezohiko neurriak hartu behar direla aldarrikatu du Taik.
India eta Hegoafrika urritik ari dira Munduko Merkataritza Erakundeari txertoen jabetza intelektuala bertan behera uzteko eskatzen, dosiak beste herrialde batzuetan ere egin daitezen. Horrek txertoak beren lurraldean ekoizteko aukera zabaldu ahal die herrialde txiroenei. Orain arte, AEB, Europar Batasuna, Erresuma Batua eta Suitza, aurka agertu dira. AEBk, baina, bere jarrera aldatu du orain.
Europako Batzordeak atea zabaldu dio orain proposamena eztabaidatzeari. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, "krisiari modu eraginkorrean eta pragmatikoan heltzeko edozein proposamen eztabaidatzeko" prest dago.
AEBko Gobernuak erabakiaren berri eman ostean, Pfizer, BioNTech eta Moderna enpresen akzioek behera egin dute Wall Streeten.
IFPMA Sendagaien Industriaren Nazioarteko Federazioak erabaki "etsigarria" dela dio eta ez du uste patenteak askatzeak "dosien ekoizpena" handituko lukeenik. Are gehiago, industria farmazeutikoaren esanetan, ikerketak geldiaraztea ekar dezake.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE), bere aldetik, "erabaki historikoa" txalotu du. MOEren iritziz, covid-19aren aurkako borrokan "erabakigarria" izan daiteke, baita txertoak herrialde guztietara heltzeko ere.