Mundua -

aeb

Facebookek berretsi egin du Trumpi ezarritako betoa

AEBko presidente ohiaren mezuek "indarkeria giroa" sortu zutela argudiatu du sare sozialak, hari ezarritako betoa justifikatzeko.

Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Facebookeko edukien aholkularitza kontseiluak berretsi egin du Donald Trump AEBko presidente ohiaren kontuaren itxiera, haren mezuek "indarkeria arrisku handiko giroa" sortu zutela argudiatuta.

Facebookek Trumpen kontua itxi zuen urtarrilaren 6an, bere jarraitzaileei Kapitoliora joateko eskatu ostean. Diskurtso polemiko horrekin zalantzan jarri zuen Joe Biden hautagai demokrataren garaipena, 2020ko azaroko hauteskundeetan.

Hasieran, behin-behineko neurria zen, baina hurrengo egunean behin betiko bilakatu zen, Trumpen jarraitzaileek AEBko botere legegilearen egoitzari eraso ziotenean. Edukien aholkularitza kontseiluaren esku utzi zuten azken hitza, eta kontua berriro irekitzeko aukera baztertu dute, erabaki lotesle batekin.

Adituek azaldu dutenez, "kontseiluak ondorioztatu du Trumpek indarkeria arrisku handiko giroa sortu zuela, hauteskunde-iruzurrari buruzko oinarririk gabeko diskurtsoaren eta matxinadarako dei errepikatuen bitartez". Gainera, arrisku "argia eta berehalakoa" ikusi dute urtarrilaren hasieran presidente ohiak argitaratutako mezuetan.

Kontuaren itxiera justifikatutzat jo dute, baina sare sozialari aurpegiratu diote profila muga gabe itxi izana, jarraitutako irizpidea zein izan zen argi utzi gabe. Hori dela eta, sei hilabete barru enpresak erabakia "berraztertzea" proposatu du kontseiluak, "zigor aproposa" erabakitzeko.

Facebook ez da Trumpi betoa ezarri zion bakarra: Twitterretik at ere gelditu zen. Etxe Zurira iritsi aurretik eta ostean, bere mezua hedatzeko eta iragarpen politiko publikoak egiteko erabili izan zuen sare sozial hori.

Bestalde, agintari ohiak adierazi du Facebook, Twitter eta Google enpresak egiten ari direna "lotsagarria" dela herrialdearentzat. Gainera, azaldu du estatubatuar herriak ez duela egoera onartuko eta "sare sozialen konpainia ustelek prezio politikoa ordaindu" beharko dutela horrekin egiten ari direnagatik. "Ezin diegu berriro gure hauteskunde-prozesua hondatzen eta sarraskitzen utzi", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Zer gertatzen ari da munduan? Ameriketako Estatu Batuak Sare sozialak gaur Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Donald Trump