Mundua -

KOLONBIA

Elkarrizketa mahaia iragarri du Duque presidenteak, zazpi eguneko protesten ondotik

Elkarrizketak maiatzaren 10ean hasiko dira. Kontu politikoak, ekonomikoak eta sozialak eztabaidatuko dituzte, protestei amaiera emateko asmoz.

Ivan Duque Kolonbiako presidentea. Argazkia: EFE
Ivan Duque Kolonbiako presidentea
Ivan Duque Kolonbiako presidentea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ivan Duque Kolonbiako presidenteak zerga erreforma bertan behera utzi izanak ez du kolonbiarren haserrea baretu eta manifestariek kalean jarraitzen dute. Presidenteak elkarrizketa mahai bat sortuko duela iragarri du astearte honetan, protestak baretzeko ahaleginean.

"Herritarrei entzuteko eta irtenbideak aurkitzeko gune bat eratuko dugu (...) Ezinbestekoa da erakunde guztien, alderdien, sektore pribatuaren, gobernadoreen, alkateen eta gizarte zibileko liderren parte-hartzea izatea", azpimarratu du agintariak, El Espectador Kolonbiako hedabideak jakitera eman duenez.

Horren esanetan, elkarrizketa mahaiaren helburua "indarkeria mota guztiak baztertzea, txertaketa masiboaren plan nazionala azkartzea, egoera ahulenean daudenak babesteko eta programa sozialen jarraipena bermatzeko baliabideak ziurtatzea eta ekonomia suspertzea" da.

Miguel Ceballos Bakerako mandatariak zehaztu duenez, negoziazioak maiatzaren 10ean hasiko dira, baina asteazken honetan bertan egingo dituzte lehendabiziko bilerak eragile sozial eta ekonomikoekin.  

"Grebarako Batzorde Nazionala gai garrantzitsuak aztertzeko gonbidatu dugu, herrialdearentzat oinarrizkoak diren kontuetan elkarrekin aurrera egiteko topaketen baitan", idatzi du Ceballosek Twitter sare sozialean.

Hala, elkarrizketa prozesu horretan sei gai nagusi aztertuko dituztela aurreratu du, gizarte-eragile, enpresa eta erakunde ezberdinek egindako eskaerak aintzat hartuta.

El Espectador egunkariaren arabera, gai politikoak, ekonomikoak, fiskalak eta sozialak jarriko dituzte mahai gainean, tartean koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina, pertsona zurgarriak eta indigenak babesteko neurriak eta herrialdean bizi duten indarkeria egoera.

Kolonbiako agintarien arabera, negoziazio hilaren 20ra arte luzatuko da, gutxienez. Lehendabiziko bileretan erakunde publikoek hartuko dute parte, baina ondoren udalerrietako eta eskualdeetako gobernuen, ikasle batzordeen, sindikatuen, alderdi politikoen eta elkarteen txanda izango da.

Horrez gain, Kolonbiako presidenteak berretsi du elkarrizketa prozesua kolonbiar "guztien mesederako" izango dela.

"Zuzenbide-estatuari dagokion bezala, kontrolerako erakunde guztiekin batera, barne ikerketak bultzatuko ditugu. Halaber, kolonbiarren segurtasunaren alde lan egiten dutenei "babesa" eskaini die, eta, aldi berean, "exijentzia" izatea eskatu die azken egunetako protestei segurtasun-indarrek emandako erantzunari erreferentzia eginez.

El Tiempo Kolonbiako hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, Gobernua elkarrizketaren bidean lehen pausoak ematen hasi da, eta bilerak egin ditu lanuzteak deitu dituzten sektore batzuekin.

Indarkeria polizialaren harira nazioarteko komunitateak egindako salaketei erantzunez, herrialdean "zuzenbide-estatua" indarrean dagoela erantzun du Kolonbiako Gobernuak. Gaineratu duenez, erakundeek "herritarren eskubideak" errespetatzen eta bermatzen dituzte. 

Zerga erreformaren aurka iragan astean protestak hasi zirenetik, gutxienez 19 pertsona hil eta 800 pertsona baino gehiago zauritu dituzte. Gainera, 90 inguru desagertuta daude.

Bestalde, Temblores erakundearen arabera, zazpi egunetan 1.440 indarkeria kasu baino gehiago izan dira Kolonbiako segurtasun-indarren eskutik. Manifestazioetan parte hartu duten hainbat taldek indarkeria poliziala salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Eguneko albisteak Albisteak Kolonbiako albisteak gaur