Mundua -

MEXIKO

Mexikok barkamena eskatu dio maia herriari egindako "abusu izugarriengatik"

Maia herriaren ordezkariak hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu du, memoria eta aitortza lantzeko batzorde bat sortuz, esaterako.

Maia herriari barkamena eskatzeko ekitaldia. Argazkia: EFE
Maia herriari barkamena eskatzeko ekitaldia.
Maia herriari barkamena eskatzeko ekitaldia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak barkamena eskatu dio maia herriari, "partikularrek eta agintari nazional eta atzerritarrek konkistan egindako abusu izugarriengatik".

Lopez Obrador izan da Yucatango penintsulako jatorrizko herriari bost mendetan zehar egindako gehiegikeriengatik barkamena eskatzeko egin duten ekitaldian buru, ia 300 urte egin baitzituzten Espainiako kolonia gisa eta aurten 200 beteko dira Mexiko independente egin zela.

Tenochtitlan (azteken antzinako inperioaren hiriburua, herrialdearen erdialdeko goi ordokian zegoena) sortu zela 700 urte, europarrek inbaditu zutela 500 urte eta independentzia nazionala aldarrikatu zutela 200 urte bete direla ospatzeko ekitaldian egin du eskaria.

Alejandro Giammattei Guatemalako presidentea eta Estatuko agintariak ondoan zituela eskatu die maiei barkamena Mexikoko presidenteak.

"Hemen, gobernatzeko etikak eskatuta baina geuk ere sinetsita, zintzotasunez, barkamena eskatzen diogu maia harriari", adierazi du Mexikoko presidenteak, Milenio Mexikoko hedabidearen arabera.

Lopez Obradorrek azaldu duenez, "Mexikoko jatorrizko herriek gaur egun arte jasan dituzte esplotazioa, lapurretak, errepresioa, arrazakeria, bazterketa eta sarraskiak". "Herri guztiek jasan dituzte, baina, guztion lotsarako, jakiak eta maiak izan dira tratu okerrenen biktimak", gaineratu du.

Olga Sanchez Gobernazio idazkariak ere barkamena eskatu du eta Mexiko inklusibo bat elkarrekin eraikitzeko konpromisoa hartu du. Halaber, Kasten Gerran Estatuaren botereak maiekin anker jokatu zuela onartu du.

Ana Karen Dzib Poot maia herriaren ordezkariak hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu du, memoria eta aitortza lantzeko batzorde bat sortuz edo garapen planekin herriaren beharrak konponduz, esate baterako.

Kasten Gerra

Kasten Gerra Yucatan penintsulan bizi diren maien herriak protagonista izan zituen gizarte mailako gatazka bat izan zen, altxamendu armatua egin baitzuten.

1847ko uztailean maiak espainiar kreolen eta mestizoen aurka altxatu ziren. Gerra 1901ean amaitu zen, militarrek maien hiriburu modernoa okupatuta, eta 250.000 pertsona hil ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Guatemala Giza eskubideak