Mundua -
Zerga erreforma
Kolonbiako Ogasun ministroak dimisioa eman du protestak baretu nahian
Dimisioa gorabehera, lanuzteen batzordeak mobilizazioak deitu ditu biharko. Joan den ostegunetik 19 pertsona hil dira protestetan.
E. G. | EITB MEDIA
Alberto Carrasquilla Kolonbiako Ogasun ministro eta herrialdean protestak sorrarazi dituen zerga erreformaren bultzatzaileak dimisioa eman du. Ogasun Ministerioak zabaldutako ohar baten arabera, "Carrasquillak karguan jarraitzeak beharrezkoa den kontsentsua lortzeko bidea zailduko luke". Carrasquillaren erreforma polemikoak bazterrak nahastu zituen Kolonbian aurkeztu eta berehala (apirilaren 15etik ez da giro bertan), eta 19 zibil hil dira manifestarien eta polizien arteko liskarretan.
Ivan Duque Kolonbiako presidenteak dimisioa onartu dio Carrasquillari, harekin bildu ostean. Zerga erreforma erretiratu ostean, esperotako pausoa zen Ogasun ministroak dimisioa ematea, hark bultzatu baitzuen.
Carrasquillaren ordez, Jose Manuel Restrepo Merkataritza ministro ere badena jarri du Duquek Ogasun Ministerioaren buru. "London School of Economics eskolan masterdun eta Bath Unibertsitatean Administrazioan doktore den ekonomialaria da Restrepo, Rosarioko Unibertsitateko errektore ohia ere bada, eta herrialde honen zerbitzupean aritzeko borondate handia du", idatzi du Duquek Twitterren Ogasun ministro berriari buruz.
Mobilizazio gehiago
Erreforma bertan behera geratu den arren, eta Ogasun ministroaren dimisioa jaso berritan, lehengo lepotik dute burua protesten antolatzaileek. Hala, lanuzteen batzorde nazionalak mobilizazio gehiago deitu ditu biharko, asteazkenerako.
Ohar baten bidez nabarmen dutenez, "herritarrei dei egiten diegu protestei eusteko. Maiatzaren 5ean mobilizazio demokratiko, baketsu eta zibilizatu handi bat egingo dugu, osasun neurriak beteta, Gobernuari egindako eskaerak gogorarazteko". Besteak beste, larrialdi plana negoziatzea, osasun erreforma kentzea eta milioi bat peso kolonbiarreko oinarrizko errenta ezartzea eskatu dute.
Mobizilazioak deitzeaz gain, "hiriak desmilitaritzatzea" galdegin dute protesten antolatzaileek; izan ere, erreformaren kontra ez ezik, poliziaren indarkeriaren kontrako aldarri ere bilakatu dira mobilizazioak.
Zazpigarren protesta eguna dute gaurkoa Kolonbian. Atzo manifestazio eta blokeoak izan ziren, besteak beste, Medellin, Bogota eta Cali hirietan.
Mobilizazioak hasi zirenetik 19 pertsona hil direla salatu dute.