Mundua -
Bozak Eskozian
Eskoziak igandetik aurrera jakingo ditu ostegun honetako hauteskundeen emaitzak
Independentisten gehiengoa espero da, SNP eta egungo ministra nagusi Nicola Sturgeoenen garaipenarekin. Ikusteko dago Salmonden itzulerak, 'brexit'ak eta pandemiak emaitzetan eraginik izango al duten.
O.P. | EITB MEDIA
Euskal Herrian 23:00k zirenean itxi dituzte hautesleku britainiarrak. Eskozian eta Galesen parlamentu-hauteskundeak egin dituzte, eta Ingalaterrako hainbat lekutan, udal hauteskundeak.
Bozak eskoziarrentzat izan dira batez ere erabakigarriak. Hala deituta ez bazeuden ere, kutsu plebiszitarioa hartu dute hauteskundeek, eta independentistek, gehiengoa lortuz gero, Eskoziaren independentziari buruzko galdeketa berria deitzeko agindutzat hartuko dutela iragarri dute.
Lau milioi herritar zeuden bozkatzera deituta, eta inkesten arabera, lautik batek ez zuen bere botoa erabakita. Halere, inkestek diotenez, gehiengo absolututik gertu izango da (lortzen ez badu) egun gobernuan dagoen Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP) eta, bakarrik iritsi ezean, Berdeen babesa izango luke Nicola Sturgeon ministra nagusiak gobernua osatzeko.
Alex Salmond berragertuaren Alba Alderdia ere ezkerreko bloke sendoa osatzeko prest legoke, "super-gehiengo independentista" baitu hark jomuga, parlamentuaren bi herenak lortuta; haatik, ikusteko dago, Sturgeonek aintzat hartuko ote lukeen hura, parlamentura iritsita ere. Sturgeonek inoren beharrik gabe gobernatzea du helburu.
Ifrentzuan, unionistak. Alderdi Kontserbadorea, Laborista eta Liberal-Demokrata. Gehiengotik urrun direla onartuta, bigarren postua lortzeko lehian dira Alderdi Kontserbadorea (boto intentzioan % 21) eta Laboristak (% 20). Horietatik dezente behera, boto intentzioaren % 6,5 luke Douglas Rossen Alderdi Liberal-Demokratak: beste bien aldean estrategia garbia du honek baina: Independentzia Erreferenduma gogo-biziz errefusatzea.
Gaur egun SNP da nagusi Holyrooden, gutxiengoan gobernatzen du 61 kiderekin, legeak onartzeko Berdeen 5 parlamentarien babesarekin. Hamalau urte daramatza boterean SNPk eta, itxura guztien arabera, hala jarraituko du beste lau urtez ere.
Denborak eta moduak
Argi dagoena da hauteskunde hauen emaitzak balizko erreferendum baten erantzun gisa ere interpretatzeko bide emango duela. Alabaina, bigarren galdeketa baterako aukera zabalduko balitz, azkena litzateke ziurrenik, 2014an gertatu bezala, ezezkoa gailenduz gero, amets independentistak gainditzeko zaila litzakeen kolpea jasoko bailuke. Denboran eta moduan asmatzea giltza izango da.
Galdeketa noiz eta nola? Horiek dira galdera nagusiak. Sturgeonen gobernuak martxoan aurkeztutako erreferendumerako lege proposamenak jasotzen duenez, galdeketa 2023a amaitu aurretik egitea da asmoa, betiere, pandemia amaituta badago.
Sturgeonek Britainia Handiarekin adostutako galdeketa bultzatu izan du betidanik; hala ere, 2014ko lege-proposamenak ez bezala, oraingo proposamenak jada ez du Londresen baimenaren baldintzarik jasotzen, Sturgeonen iritziz, parlamentuan gehiengo independentista lortuko balitz, hori nahikoa arrazoi litzateke Londresek eskoziarren ahotsa aintzat hartzeko.
Dena den, sorpresa handirik espero ez den arren, ikusi beharko da ekuazioko aldagai berriek (Alderdi Laboristako Anas Sarwar lider berria eta Salmonden itzulera) nahiz brexit-ak eta covid-19ak zer nolako eragina izan dezaketen hautesleen azken erabakian.
Hauteskunde autonomikoak Galesen eta udal bozak, Ingalaterran
Eskozian ez ezik, Galesen ere parlamentu-hauteskundeak izan dituzte gaur, baita Ingalaterrako hainbat lekutan (kasu honetan udal hauteskundeak izan dira). Zehazki, Ingalaterrako 143 udal eta 13 alkate aukeratu dituzte, tartean Londreskoa. Sadiq Khan laborista da han faborito.