Mundua -
Bake prozesua
FARCek onartu egin du Kolonbiako gatazkan bahiketak egin izana
Horixe adierazi du Julian Gallok, gerrillarien buruzagi ohiak, Bakerako Auzitegi Bereziaren aurrean, gerra krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzen ari direnean.
agentziak | eitb media
FARC desegindako gerrillako buruzagiek ofizialki onartu dute gaur zibilak eta militarrak bahitu dituztela gatazka armatuak iraun duen urteetan, eta horixe baieztatu dute Bakerako Auzitegi Bereziaren aurrean, krimen horiengatik erantzuteko deitu dituztenean.
"FARC-EPren zuzendariak izan ginen heinean, zibilen edo indar publikoetako kideen bahiketak agintzeagatik dugun ardura onartzen dugu", azaldu du Julian Gallo FARCen buruzagi ohi eta Comunes alderdiaren egungo senatariak, "Carlos Antonio Lozada" gisa ezagun denak.
2016ko Kolonbiako bake akordioaren baitan, trantsiziorako justizia sistema bat ezarri zuten, eta horren barruan sortutako erakundea da Bakerako Auzitegi Berezia. Gizateriaren aurkako eta gerra krimenak leporatzen dizkio FARCi, eta 2.107 bahiketa jaso ditu, 1993tik 2012ra bereziki.
Gertakari horiengatik auzipetuta daudenak hauek dira: Rodrigo Londoño, gerrillaren azken buruzagia eta gaur egun Comunes alderdiaren (FARCen oinordeko alderdia) presidentea; Julian Gallo eta Pablo Catatumbo senatariak; eta Jaime Alberto Parra, Milton de Jesus Toncel, Juan Hermildo Cabrera (hilda dago), Pastor Alape eta Rodrigo Granda buruzagi gerrillari ohiak.
FARCen ordezkariek onartu dute gerrillaren "politika" zela bahiketak egitea borroka armatua finantzatzeko, nagusitasuna irabazteko eta trukerako erabiltzeko.