Mundua -
KORONABIRUSA
India pandemiaren epizentro bilakatu da, eta heriotza kopuruak markak hautsi ditu
Kutsatzeen kopuruak gora egin du nabarmen Asian, eta horrek mundu mailako kopuruak gora egitea eragin du, nahiz eta beste herrialde batzuetan intzidentziak behera egin, MOEk jakitera eman duenez.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Joan den astean 2,1 milioi kasu berri detektatu zituzten Indian, mundu osoan detektatu ziren kasu berri guztien % 40. Gainera, 200.000 heriotza baino gehiago eragin ditu koronabirusak herrialde honetan, marka guztiak hautsiz. Oraingoz, baina, ez dute baieztatu Indiako aldaerak eragina izan ote duen hazkunde horretan.
Kutsatzeen kopuruak gora egin du nabarmen Asian, eta horrek mundu mailako kopuruak gora egitea eragin du, nahiz eta beste herrialde batzuetan intzidentziak behera egin, MOEk jakitera eman duenez.
Asteroko txosten epidemiologikoan baieztatu dutenez, munduko covid-19 kasuak igo egin dira bederatzigarren astez jarraian (5,7 milioi) eta heriotzak ere bai seigarren astez (87 000). Dena dela, pandemiak gehien kaltetutako herrialdeetan, Amerikan eta Europan, behera egin dute bai heriotza kopuruak, baita kutsatzenak ere.
Dena dela, beherakada hori apenas igarri da; izan ere, Asiako hegoaldean kasu berriak % 49 egin dute gora, eta hildakoen kopuruak, berriz, % 81, Indian batez ere. Herrialde horretan % 52 igo dira kutsatzeak. Kutsatze berri kopuru handiena duten beste lau herrialdeek (AEB, Brasil, Turkia eta Frantzia) beherakada erlatiboa izan dute.
Indiak 200.000 heriotza baino gehiago izan ditu
Indiak koronabirusak eragindako 200.000 hildakoen muga gainditu du asteazken honetan, azken 24 orduetan 3.000 pertsona baino gehiago hil ostean, eta eguneko 360.000tik gora kutsatze izan dira lehen aldiz.
Datuei erreparatuz, Asiako herrialdea pandemiaren epizentroan dago, 3.293 hildako zenbatu baitituzte egun bakar batean, eta 360.960 kutsatu berri atzeman baitira, Indiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. Pandemia hasi zenetik 201.187 hildakorekin eta 19,7 milioi kutsatzerekin, herrialde laugarren postuan mantentzen da, AEBen, Mexikoren eta Brasilen atzetik.
Bigarren olatu honek gogor astindu du Asiako herrialdea. Hornidurak falta dira Indiako ospitale askotan eta, hori dela eta, Nazioarteko komunitateak laguntza bidali dio.
Egoera horren aurrean, Indiak itxaropen osoa du martxan duen txertaketa-kanpaina handinahian. Urtarrilean hasi ziren lehen txertoak ematen eta orain arte ia 148 milioi dosi eman dira, horietatik 2,5 milioi azken 24 orduetan.